Eva Perez-Pons Andrade Industria Elektronikaren Eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua amaitzen ari da. Aitortu duenez, ustekabean iritsi zen hara. Izatez, karrera aukeratzeko zerrendan, pare bat Ingeniaritza jarri zituen, batxilergo teknologikoa egin zuelako, eta gero benetan gustatzen zitzaizkionak: Filosofia, Politika Zientziak eta Soziologia. "Azkenean gertatu zen Ingeniaritzara sartzeko nota 10etik 5era jaitsi zela, eta, bat-batean, sartu nintzen".
Apur bat gogorra egiten ari zaiola onartu du, ez Ingeniaritza zaila delako, baizik eta eskatzen duen ahaleginarengatik. "Prekarietateak asko eragiten du. Adibidez, master bat egin nahi baduzu, lana egin behar duzu matrikula ordaintzeko. Horrez gain, Ingeniaritzetan oso ohikoa da akademietara joatea, ikasgaiak lehenengoan gainditzeko". Horri egoera familiar zaila edo depresiorako joera gehitzen bazaio, "bonba bat" izan daitekeela dio.
Giroa, oro har, ez zaio oso atsegina iruditzen: "Nahiko maskulinoa da, unibertsitatea bera erabat hierarkizatuta dago, lehia handia dago ikasleen artean, edukia oso bideratuta dago enpresetara, eta jendea ez da batere kritikoa". Leioako kanpusean, fakultate gehiago daudenez, bestela izan daitekeelakoan dago, baina bere fakultatea bakarrik dagoenez San Mamesen (Bilbon), zaila da taldeetan biltzea: "Jendea horra doa bakarrik ikastera. Ez dago espazio kolektiborik, eta horrek ere asko eragiten du".
Hala ere, elkarte batzuk badaudela ohartarazi du, besteak beste Ikasle Mugimendua eta Mugarik Gabeko Ingeniaritza. Haietan dabil, eta Ikasle Mugimenduak ikasleria kritikoa sustatzeko urtero antolatzen dituen jardunaldiak nabarmendu ditu: Herri Unibertsitatea eta Ostegun Kulturalak.
Ingeniaritza gustuko dituen diziplinekin uztartzea ere lortu du: "Azkenean, Ingeniaritzako proiektu bat egiten ari zarenean, teknologiaz gain, beste ikuspuntu batzuk ere aintzat hartu behar dituzu, adibidez, soziologikoa".
Horren adibide garbia da egiten ari den gradu-amaierako lana. Mugarik Gabeko Ingeniaritza eta El Salvadorgo ADES elkarteekin dabil, Buenavistan (El Salvador), ur-horniketarako sistema bat ezartzeko proiektuan: "Ura putzutik ateratzen da, eta altueran dagoen biltegi batera eramaten da. Horrela, ur-banaketa grabitatearen bidez egiten da, eta ponpak behar duen energia elektrikoa eguzki-energiaz lortzen da".
Perez-Ponsek azaldu duenez, El Salvadorren ur-hornidura egoera larrian dago. Uraren % 90 kutsatuta dago, eta energia elektrikoa oso garestia da; horrenbestez, zailtasun handia dute ur edangarria lortzeko. Gainera, emakumeak arduratzen dira uraren kudeaketaz, eta lan erreproduktiboa ez ezik, beste lan batzuk ere egin behar dituzte: garbiketa... "Horrelako proiektu bat garatzean, ezinbestekoa da testuingurua eta biztanleengan duen eragina aintzat hartzea".
Perez-Ponsek aipatu du horrelako proiektuetan ohikoa dela, teknologia sartutakoan, gizonak bereganatzea. Aldiz, haren asmoa da lantzen ari den proiektua tresna bat izatea emakumeeak ahalduntzeko. Hala ere, badu beste kezka bat: "El Salvadorren denez, zilegitasun-falta nabaritzen dut. Alde horretatik, gehiago ikusten naiz hemen eragiten, beste lurralde batean baino. Baina han ere prozedura eta lana egiteko modu asko ikasiko ditut gero hona ekar daitezkeenak".
Udan joango da El Salvadorrera. Mugarik Gabeko Elkarteari esker joan zen jabetzen han duten egoeraz, eta gradu-amaierako lana haiekin egitea motibagarria zitzaion: "Gradu-amaierako lan gehienak kaxoi bateangeratzen dira, eta oso indibidualak izaten dira. Askotan, egin behar direlako egiten dira, inolako motibaziorik gabe. Nik beste zerbait nhi nuen, eta honek eman dit aukera niretzat garrantzitsuak diren ardatzak lantzeko, adibidez, energia berriztagarriak, burujabetza energetikoa eta feminismoa".
Aurrera begira, master bat egin nahiko luke, jasangarritasun energetikoan edo feminismoan. Horrez gain, dibulgazio zientifikoak euskaraz ere asko erakartzen du, eta jakintza kolektibizatzeko bideak ere topatu nahiko lituzke: "Jakintza ez da akademiaren bitartez bakarrik jasotzen".
Ildo horretatik, Errekaleorren burujabetza energetikoa lortzeko egin dute prozesua erreferentea iruditzen zaio: "Egia da adituen laguntza jaso dutela, baina denek parte hartu dute, eta prozesua eredugarria izan da: teknologia eta feminismoa nola gurutzatzen diren, nola kudeatu sexu-erasoak, lan-banaketa..."
Elhuyarrek garatutako teknologia