Enara Herran Madrilgo 12 de Octubre ospitaleko Neurozientzia Laborategian harrapatu dugu lanean. Berez, EHUko Farmazia eta Teknologia Farmazeutikoa Saileko ikertzailea da, eta Gasteizen aritzen da normalean, baina bolada luzeak egiten ditu Madrilgo laborategian, han egiten baitu lan esperimentalaren zati handi bat.
Herranen esanean, “oso aberasgarria” da bi laborategietan aritzea: “Ikuspuntu eta lan egiteko modu desberdinak dituzte batean eta bestean, eta bietatik ikasten dut asko”. Gainera, bietan du lan-giro ona, eta Gasteizen hasieran bakarkako lan gehiago egiten bazuen ere, orain bi lekuetan aritzen da taldean. Herranek gustuko du hori: “Egia da neurri batean bakarkako lana dela nirea, baina taldea behar-beharrezkoa dela iruditzen zait”.
Orain, hilabete batzuk emango ditu Madrilen, han baitaude ikerketan erabiltzen dituen animaliak. Hain zuzen, alzheimerraren aurkako partikula batzuen eraginkortasuna probatzen ari da saguetan. “Sagu transgenikoak dira, gizakion Alzheimerren gaitza simulatzeko genetikoki eraldatuak. Laborategian, hazkuntza-faktore jakin batzuk ematen dizkiegu, ea tratamenduarekin desegiten diren gaitzaren ezaugarri diren β-amiloide-plakak eta saguen memoria hobetzen den”.
Farmazian lizentziatu zenetik ari da lanean arlo horretan, eta doktore-tesiaren gaia ere horixe izan zuen. Etxetik zekarren interesa: “Ikasketak bukatu nituenean, amamak alzheimerra zuen, eta aukera izan nuen gaitz horren tratamenduan ikertzen hasteko. Bestela ere gustuko nuen ikerketa-mundua, baina amamarena pizgarri gehigarri bat izan zen. Nirea oinarrizko ikerketa da, eta bide luzea dago egiten dudanetik aplikaziora. Baina zerbait hobetzerik badut, hobeto”.
Laborategian hasi zenean, amama haiekin bizitzera eraman zuten, ezin baitzen bakarrik moldatu. “Oso gogorra izan zen ikustea nola zihoan memoria galtzen eta portaera aldatzen, batez ere amarentzat. Hiruzpalau urte egin zituen gurekin, moldatzerik ez genuen unea iritsi zen arte. Geroztik egoitza batean dago, oroimena guztiz galduta, ez du hitz egiten...”
Harentzat beranduegi izango da; hala ere, etorkizunean alzheimerra dutenek tratamendu egoki bat izan dezaten lanean jarraitzen du Herranek. Ikerketak guztiz asebetetzen du, baina ez du ezkutatzen une gogorrak ere izaten dituela: “Nik zaldiko-maldiko batekin alderatzen dut nire lana. Agian egiten dituzu 10-12 esperimentu, eta bakar bat ere ez da ondo ateratzen. Gainera, ez dago ordutegirik, askotan asteburuetan edo opor-egunetan ere lan egin behar da... Hori bai, esperimentu bat ondo ateratzen denean, dena ahazten zaizu”.
Dena dela, ez zaio bidezkoa iruditzen ekonomikoki hain gaizki baloratuta egotea ikertzaile-lana: “Nik ikertzaile-kontratua dut, eta egiten ari naizen ikerketak lau urterako diru-laguntza jaso du. Beraz, ezin naiteke kexatu. Baina nire lankide batzuk nik adina lan egiten dute, eta 500-800 euro baino ez dizkiete ordaintzen”. Edonola ere, etorkizunean ikertzen jarraitzeko asmoa du: “Gustuko dut nire lana, eta aurrerantzean ere honetan irudikatzen dut nire burua”.