Luzerako emango luke gaiak, baina hitz gutxitan erantzuteko eskatu diegu bi ikertzaile ezagunei: ba al du mugarik zientziak? Hemen haien gogoetak.
Ez dut egin; ez dut azterketa hori egin, baina inoiz egingo dut, eta badakit zein izango den emaitza. Munduko estatuetako gardentasun-indizearen eta zientzia-ekoizpenaren datuak jarriko bagenitu koordenatu-sistema batean, berehala ikusiko genuke estuki loturik daudela bi ezaugarri edo aldagai horiek. Beste era batera esanda, gardentasun handiagoa (ustelkeria gutxiago) dagoen herrietan zientzia-jarduera gehiago dago, eta alderantziz. Horrekin ez dut esan nahi bata bestearen menpekoa denik; seguru aski ez dago bi ezaugarri horien arteko menpekotasun zuzenik. Baina horrelako lotura bat egoteak adieraziko luke elkarrekin gertatzen direla bi kontu horiek; gardentasuna eta zientzia-jarduera, alegia.
Zientzia eta teknologiari esker lortu du gizakiak gaur duen bizi-kalitatea. Arlo guztietan ikus daiteke gure bizi-baldintzen hobekuntzan zientziak eta teknologiak izan duten eragina. Hori horrela izan arren, azken urteotan, mesfidantza eta, zenbait kasutan, aurkako jarrerak agertu dira gure gizartean zientzia eta teknologiaren aurrean.