“Trrrrrrrr. Trrrrrrrrr”. Egun-argitzea, Nafarroako oihan trinko batean. Laino artean, okil gibelnabarra ari da pago-adar batean “danborra joz” bere lurraldea hori dela aldarrikatzen. Bat-batean, hegan abiatu, eta basoak irentsi du. Nora joan ote da? Auskalo!
Energia hidroelektrikoak garbia izatearen ospea du, ez baitu erregai fosilik erabiltzen edo atmosferara kerik botatzen. Gainera, lanpostu batzuk sortzen ditu, eta baita gero eta beharrezkoagoa bihurtu den elektrizitatea ere. Dena dela, energia-iturri horrek aski ezagunak diren hainbat arazo ere sortzen ditu, hala nola erreketako ur-emaria gutxitzea, erreken fluxu naturala eta ekosistema erabat aldatzea, itsasora materia organiko gutxiago joaten uztea eta arrainen migrazioak oztopatzea, besteak beste. Badira, ordea, hain ezagunak ez diren bestelako ondorioak ere, eta horietako bat zentral hidroelektrikoetara ura eramaten duten ubideetan animaliak itotzea da. Euskal Herrian zentral hidroelektriko ugari dago, eta ura daramaten ehunka kilometro ubide ditugu. Artikulu honetan, ubideetako hilkortasuna aztertzeaz gain, arazoa konpontzeko irtenbideak proposatuko dira.