Hortz bat edo bat baino gehiago galtzeak, gaixotasun baten, ezbehar baten edo adinaren ondorioz, eragozpen funtzionalak, estetikoak eta psikologikoak eragin ditzake. Azken batean, hortzek gure ahoari eta gure aurpegiari itxura ematen diote. Beraz, hortzak osasuntsu edukitzea funtsezkoa da estetika egoki bat izateko eta asaldurak saihesteko.
Plaketatan aberatsa den prestakina hezurren, kartilagoen eta beste zenbait ehunen garapena eta orbantzea azkartzeko erabili da. Gainera, bioteknologia berri honek interes handia piztu du zenbait medikuntza-arlotan, ehun-ingeniaritzan eta terapia zelularrean, kasurako. Prestakinaren beste abantailen artean aipatzekoa da erraz lortzen dela gaixoen odoletik, eta, gainera, gaixoaren mina murriztu edo desagerrarazi egiten duela.
Milioika pertsonak jasaten dituzte giharren eta eskeletoaren asaldurak. Gaixotasun horiek min kronikoak eta, askotan, minusbaliotasun fisikoak eragiten dituzte, eta gizartean izugarrizko arazoak sortzen dituzte. Hezurren eta kartilagoen lesioak ere oso maiz gertatzen dira, batez ere kirolarien artean, traumatismoen ondoren. Gainera, gizakiok zenbat eta urte gehiago bizi, asaldura horien guztien intzidentzia handitu egingo dela iragartzen dute adituek. Hori kontuan izanik, 2000-2010 aldia hezurren eta giltzaduren hamarkada izango da, arazo horien guztien aurrean zientzialarien eta gizarte osoaren arreta pizteko, hain zuzen ere.