Naturaren markoan parte hartzen duen edozein fenomeno, oinarrizko lau indarren funtzioan azal daiteke: Indar nuklear ahula, indar nuklear bortitza, indar elektromagnetikoa eta indar grabitatorioa dira lau indar horiek. Indar bakoitzak badu dagokion distantzi eskala, non bere eragina nagusitzen den. Grabitazioa, eskala kosmikoan nagusitzen da, baina gaur egun fisikariek, eskala ultramikroskopikoan (Planck-en eskalan) ere grabitazioak oso jokaera garrantzitsua duela uste dute. Eskala honetako grabitazioaren azterketak, fisika-adar berri bat sorterazi du: Grabitazio kuantikoa.
Puntako teknologien bidez gaurko zientziak, aurrerakuntza izugarriak lortu ditu, bai erradioastronomian eta bai energia handiko Fisikan (zatiki-azeleratzailetan). Zenbait urtetan, materiaren muga makroskopiko eta mikroskopikoak izugarri zabaldu dira eta oraingo fisikaren mugak berraztertu eta berrinterpretatu egin behar dira.
Arazo asko agertu bada ere, ezagutzen diren distantzia handienen (galaxia zabalenen 2x10 5 argiurte) eta txikienen (Planck-en 10 -33 cm) arteko tartean, Fisikak eraikuntza teoriko koerente bat moldatzea lortu du. Eta gaur egun Naturako edozein fenomeno deskribatzeko, oinarrizko lau indar baino ez ditugu behar: Nuklear bortitza, nuklear ahula, elektromagnetikoa eta grabitatorioa.(1)