Sariak eta oztopoak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Ukaezina da Nobel sariek zer-nolako itzala duten gizartean. Eta zer saritzen den ez ezik, aitortza nori ematen zaion ere garrantzitsua da, erreferente bihurtzen baita. Alde horretatik, askorentzat benetan pozgarria izan da Katalin Karikó saritu izana. 

Karikók Medikuntza edo Fisiologiako Nobel saria jasoko du, Drew Weissmanekin batera, mRNA-txertoak garatzeko aurrerapenak egiteagatik. Txerto horiek COVID-­19aren krisia nolabait gainditzeko funtsezkoak izan zirela aintzat hartuta, inor gutxi harritu da Karolinska Institutuaren erabakiarekin. Are gehiago: batzuek uste zuten iaz emango ziotela, eta, beraz, aurten iazko hutsegitea konpondu dela iritzi diote. Eta bereziki poztu dira Karikóren ibilbidea ezagutzen dutenak. Izan ere, duela hilabete batzuk arte, urriak izan dira sariak, eta ugariak, berriz, oztopoak eta eragozpenak.

Haietako batzuk ekarri ditu gogora Karikók berak, sariaren harira egin dizkioten elkarrizketetan. Argi esan du ez zuela mRNA ikertzeko dirulaguntzarik jaso ia karrera osoan. Eta horren atzean dauden arrazoietako hiru aipatu ditu: Hungariako unibertsitate batean jaso izana formakuntza, mentore ezagunik ez izatea eta ez argitaratu izana artikulurik Nature aldizkarian.

Hain zuzen, jaioterrian hasi zuen ikertzaile-ibilbidea, Hungarian, Szegedeko Unibertsitatean. Handik, AEBra joan zen, dirurik gabe baina lanerako gogo biziz. Gogoaz gain, baliabideak ere beharrezkoak dira, ordea, eta, Karikók berak dioenez, dirua eta ospea oso zentralizatuta daude zientzian, eta, zentro horretatik gertu ez bazaude, ez duzu dirurik, ez osperik. 

Bestalde, emakumea izateak ere ez zion lagundu. Haren esanean, ama izatea traba bihurtzen da mailaz igotzeko. Soldata ere jaitsi egiten da, eta, horren ondorioz, familiek zailtasunak dituzte umezain bat kontratatzeko. Amek beren karrera uztea dakar horrek. Galera handia dela irizten dio, bai pertsonalki, bai gizartearen ikuspegitik.

Zenbat Karikó geratu ote dira bidean? Zer galdu dute pertsona horiek, eta zer gizarte osoak, nahikoa babes ez jasotzeagatik?

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila