Musikak hunkitzen ez duenean

Gauza gutxik hunkitzen dute musikak bezainbeste. Neurozientziak asko ikertu du nola aktibatzen den garuna une horietan, eta zer-nolako erantzun fisiologikoak gertatzen diren. Baina denentzat ez da plazer-iturri musika; gutxi batzuek ez dute batere emoziorik sentitzen, eta ez dute erantzun neurologiko ez fisiologikorik. Anhedonia musikala dute. Musikak pertsona horiengan sortzen dituen erantzun neurologikoak ikertu dituzte, eta anhedoniaren oinarria identifikatu. Garunaren zirrikituak ulertzen lagunduko duelakoan ekarri dugu gaia.

Isabelle Guyon elkarrizketatzeko abagunea ere izan dugu Elhuyarren, adimen artifizialaren aitzindarietako bat. Adimen artifizialak gizartean sortzen dituen beldurren jakitun, arriskutzat hartu beharrean, aukera gisa ulertzera gonbidatzen gaitu. “Adimen artifiziala ahalik eta jende gehienaren esku jarri behar dugu”, dio Guyonek. Izan ere, arrisku guztietan handiena ez al da, hain zuzen, elite teknologikoaren eta maila sozioekonomiko baxuagoko gizarte-sektoreen artean sor daitekeen arrakala? Merezi du adimen artifizialean erreferentea den emakume honen ahotsa entzutea.

Bestetik, zientzian begirada feminista barneratzearen garrantzia erakusten duen adibide bat ekarri dugu. Beste bat. Oraingoan, mahai-gainean jarri dugu zer-nolako aurreiritzien gainean eraiki den giza eboluzioaren kontakizun ofiziala. Izan ere, kontakizun horrek naturaltzat jo ditu gizon eta emakumeen jokaera batzuk, ustez geroko kulturaren eraginetik libre daudenak. Baina gero eta ikertzaile gehiago ari dira begirada aldatzen, eta aldarrikatzen erregistro fosilak ez duela bat egiten kontakizun horrek transmititu digunarekin.

Ezinbestekotzat jotzen dugu Elhuyar aldizkarian giza eboluzioaren kontakizun horretan azaltzen diren aurreiritziak seinalatzea, ez dadin ikuspegi oker hori kontzientzia kolektiboan iltzatu eta iraunarazi. Kontakizun hori berridaztea izan da Carmen Manzano Basabe EHUko irakaslearen ibilbide profesionaleko azken ekarpena. Erretiroa hartu aurreko azken agerraldi publikoa. Eskerrik asko, Carmen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila