Klima-aldaketak munduko bazter guztiak astinduko ditu. Hala diote zientzialariek, baina, oraindik ere, bere etxea arazo horretaz libre ikusten duenaren hoztasunarekin begiratzen diogu arazoari, distantziatik. Bada, klima-aldaketak Euskal Herrian bertan eragin ditzakeen ondorioak aztertu ditugu zenbaki honetan. Hemen eta orain. Elisa Sainz de Murieta BC3 Basque Centre for Climate Change-ko ikertzaileak esan digu datozen aldaketei egokitzeko prest egon behar dugula jada. Jarrera-aldaketa handia behar dela dio. Handia… eta azkarra.
Biziari miresmen handiz begiratzen dion argazkilari baten lanak ere jaso ditugu. Sentsibilitate berezia du Alex Alonsok biziaren edertasuna iruditan islatzeko. Edertasunaren indarrean sinesten du. Haren ustez, bizidun xumeen edertasunaz jabetzen denak berehala ulertzen du gauza guztiek dutela beren zentzua naturan. Bereak ditu datozen orrialdeetan ikusiko dituzuen perretxikoen argazkiak. Ikaragarri xume eta ederrak!
Baina biziaren edertasunak bezainbesteko indarra du giza borondate nekaezinak, eta horren lekuko dira naturaren ezagutzan eta zientzian egiten ari diren aurrerapen handiak. Nola definitu, bestela, azken urteotan astronomian egin diren aurrerakuntzak? Esaterako, grabitazio-uhinekin eta neutrinoekin unibertsoari begiratzeko ireki diren leiho berriak? Leiho berri horietatik begiratu dugu, noraino ikusi ahal izango den jakin nahian. Izan ere, orain arte imajinaezina zena ere erakuts dezakete. Hasierako unibertso jaioberri hori, inoiz baino bistarago, inoiz baino gertuago.
Eta iraganerako leihoak ere zabaldu ditugu. Parez pare irekita, errautsek zaindutako ondarea dugu begien aurrean. Ponpeiak, Vesuvio sumendiaren eztandak desegindako hiriak, zehaztasun handiz kontserbatu ditu antzinako erromatar bizimoduaren eta kulturaren arrastoak, errautsek estali eta betikotuta. Hango freskoak ikertzen dituzten zientzialarien eskutik ezagutu dugu nola joan diren aldatzen bi mila urte hauetan. Helburua, iraganerako leiho pribilegiatu hori zaintzea.
Elhuyarrek garatutako teknologia