Gero eta gehiago dira itsasoaren egoera larriaz ohartarazten duten ahotsak: aurrekaririk gabeko egoera itzulezin baterantz doala adierazi du IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak; ozeanoen osasunaren erabateko gainbehera saihesteko denborarik gabe geratzen ari garela, berriz, UNESCOk. Zabortegi gisa erabili dugu itsasoa, eta haren baliabideak neurrigabe ustiatu, ondorioak ondo neurtu gabe.
Orain, itsasoa hizketan ari zaigu: azidifikazio, plastifikazio, beroketa eta kutsaduraren ondorioak bizitzen ari da, larriki. Testuinguru horretan izendatu du UNESCOk Itsas Zientzien Hamarkada 2021-2030ekoa, itsas ikerketa ikusten baitu ozeanoen egoera aldatzeko tresna nagusi gisa. Itsasoko lau ikertzailerekin hausnartu dugu hamarkada honetarako gakoak zein izango diren.
Bestalde, ahotsa galdu dutenak ere ekarri ditugu gogora aldizkarian. Komunikatzeko zailtasunak dituzten lagunek argia ikusi zuten ahots-sintetizadoreak arruntak bihurtu zirenean, eta mugikorretan instalatzeraino iritsi dira. Baina ez da erraza ahots robotiko eta inpertsonal batekin nork bere burua identifikatzea: batzuetan, haurrek heldu-ahotsa erabili behar izaten dute, emakumeek gizon-ahotsa, edo hizkuntza gutxituetako hiztunek berea ez den beste hizkuntza bat. Ahotsa dohaintzan emateko kanpaina abiatu zuen EHUko Aholab ikerketa-taldeak, ahots-banku bat sortzeko, eta ahotsak aukeran izan ditzaten ahotsik gabekoek. Oihartzun handia izan du proiektuak, batez ere Gabonetan, eta atzean dauden teknologia eta ikerketa erakutsi nahi izan dizkiegu.
Bestetik, aurten, hainbat gai zientifiko eta teknologikoren inguruko hausnarketa-saio irekiak antolatu ditu Elhuyarrek, San Telmo museoan. Adituen hitzaldi hutsak izan beharrean, denon artean hausnartzea dute helburu: zientzialariek eta herritarrek elkarrekin sortzea. Oraingoan, garraio elektrikoaren inguruko saioa ekarri dugu aldizkarira. Galdera asko sortu ziren, eta haiei erantzuten saiatu dira saioan parte hartu zuten hiru adituak. Hurrengo zenbakietan ere izango dute tartea saioek, aberasgarriak direlakoan.
Elhuyarrek garatutako teknologia