Abenduan banatzen dira Nobel sariak. Guztira, zazpi dira Medikuntzako, Fisikako eta Kimikako aurtengo irabazleak, eta zazpiak, gizonak, denak zuriak, eta AEB edo Erresuma Batukoak. Guztiz bete da, beraz, egun batzuk lehenago Nature aldizkariak egindako iragarpena. Aurreko urteetako irabazleen soslaietan oinarrituta, erretratu hau egin zuen: 58 urteko gizona, estatubatuarra edo, bestela, europarra, zuria eta familia akademiko jakin batekoa. Horrenbestez, aurtengoa ez da kasualitatea.
Zientzialariek lehen ere salatu izan dute Nobel saridunen erretratuak ez duela bat egiten gaur egun ikerketa-munduan dagoen dibertsitatearekin, eta Akademiak sariketaren irizpideak eguneratu beharko lituzkeela, historikoki egon den bazterkeria gainditzeko eta jarduera zientifikoaren errealitatera egokitzeko.
Azken urteetan, bazen Nobel Akademia aldatzen ari zela zioenik, adibide hau jarrita: XX. mende osoan, 11 emakume baino ez zituzten saritu zientzietako kategorietan; 2000-2023 artean, berriz, 15. Joera aldatzen ari zela zirudien, 2024a etorri den arte.
Ikertzaileen jatorriari dagokionez ere, Nobel sariek ez dutela egungo errealitatea islatzen nabarmendu du Nature aldizkariak editorial batean. Txinaren adibidea jarri du. Nature Index datu-basearen arabera, natura- eta osasun-zientzietan ekarpen handiena egin duten munduko hamar erakundeen zerrendan, zazpi Txinakoak dira. Alabaina, jatorri txinatarra duten 10 zientzialarik baino ez dute jaso Nobel sarien aitortza.
Eta gauza bera gertatzen da klase sozialarekin. Nobel saridunen gurasoei erreparatuta, ikusi dute erdien gurasoak diru gehien dutenen % 5aren taldekoak direla. Urrun dago aukera-berdintasuna, alderdi askotatik.
Hala esan zuen Jim Allisonek (2018ko Medikuntzako Nobel sariduna eta Padmanee Sharma immunologo onkologoarekin ezkondua): “Jabetzen naiz, adinekoa naizenetik, eta bereziki Nobel saria irabazi nuenetik, jendeak joera handiagoa duela niri emateko aitortza, emazteak gidatu dituen proiektuengatik”.
Elhuyarrek garatutako teknologia