Ekinean

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Gauza batean behintzat, hasi bezala amaituko dugu 2014a: atal berri batekin. “Lekukoak” atala sortuz ekin genion urteari, eta “Ekinean” atala sortuz emango diogu amaiera. Konpartitzen dituzte ezaugarri batzuk batak eta besteak: bietan, zientzialariak dira protagonista, eta, bietan, lanbidearen bizipenetatik ari dira elkarrizketatuak.

“Ekinean” atalean ekinean ikusiko ditugu zientzialariak. Zer lan egiten duten kontatuko digute, nola iritsi diren horra, zerk bultzatu dituen zientzialari izatera, zerk kezkatzen dituen, zer nahi duten... Ikertzailea eta pertsona, txanpon beraren bi aurpegiak jasoko ditugu. Beste bereizgarri bat ere badu atal berriak: ikertzaile gazteak eta emakumeak izango direla protagonista. Eta zergatik ikertzaile gazteak, eta zergatik emakumeak? Bada, datuek erakusten dutelako askoz ere gehiago direla ikertzaile-karrera bertan behera uzten duten emakumeak gizonak baino.

Doktore-tesia egiten ari diren ikertzaileen banaketa erdi eta erdi bada emakume/gizon UNESCOren Women in Science txostenaren arabera (2013) —% 49/% 51 Espainian, % 47/% 53 Frantzian—, ikertzaile-karreran aurrera egin ahala, gizonak nagusitzen dira: Espainian ikertzaileen % 38 dira emakumeak; % 26 Frantzian. Ikerbasquen, bikaintasunean oinarritutako erakundean, panorama are okerragoa da: goi-mailako 177 ikertzaile dituzte gaur egun, eta % 19 baino ez dira emakumeak; eta ikertzaile gazteentzako Fellow programara ere gizon baino emakume gutxiago aurkezten dira.

Hori horrela izateko arrazoiak asko eta konplexuak dira. “Posible al da bikaintasuna zientzian berdintasunik gabe?” mahai-inguruan agertu ziren asko, eta analisien atalean dauzkazue bilduta. Izan ere, erpin ugariko eztabaida da berdintasunarena eta bikaintasunarena. “Ekinean” atalak erpin horietako bati heldu nahi dio, emakumeek zientziari egiten dioten ekarpena ikusarazteari, hain zuzen ere. Albisteen ondoren ikusiko duzue lehena: Enara Herran Martinez farmazia-ikertzailea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila