Martxoaren 21a Downen sindromearen nazioarteko eguna da. Hain zuzen, 21 trisomia da Downen sindromearen jatorria kasuen % 96an; alegia, 21 kromosoma-parea izan beharrean, hiru kromosoma dituzte. 3, 21.ean; horregatik da martxoaren 21ean.
Zenbaki honetako elkarrizketatu nagusiak, Miren Altuna Azkargortak, ekarri dizkigu gogora bai eguna, bai arrazoia. Altuna ez da genetikaria, neurologoa baizik, eta alzheimerrean dago espezializatuta. Gaitz horri buruz aritu zaigu elkarrizketan, eta, nahiz eta azaldu duen guztia den azpimarragarria, zenbait ideia bereziki esanguratsuak dira.
Hasteko, argi eta garbi azaldu du dementzia ez dela zahartzearen ondorio zuzena; hortaz, kasu gehienak alzheimer-kasuak dira. Bestalde, diagnostikoa dementzia-fasea hasi aurretik egitearen garrantzia nabarmendu du, baita bizi-ohitura osasuntsuena ere. Ikerketaz ere hitz egin du, eta itxaropentsu aritu da odolean diagnostikatzeko aukeraz eta garatu diren botika berriez.
Aurrerapausoak ez ezik, hutsuneak ere aipatu ditu, eta ezkutuan geratzen den populazio-talde bat atera du itzalpetik: Downen sindromea dutenak. Izan ere, haien bizi-itxaropena gainerakoena baino 20 urte laburragoa da, eta, alzheimerra dute lehen heriotza-arrazoia. Are gehiago: ziurra da Downen sindromea duen pertsona batek alzheimerra garatuko duela, nahikoa urte bizi bada.
Hori, izatez, oso gogorra bada ere, azaldu du ezen, aurreikusgarria denez, fase preklinikoan has daitezkeela tratatzen, eta aurrerapauso handiak eman direla. Gainera, haien arazoa da, batez ere, amiloide gehiegi sortzen dutela. Eta botika berriek amiloidea desagerrarazten dute; uste izatekoa da onura handia ekarriko dietela.
Aldizkarian ez dira sartu esandako guztiak, baina saiatu gara funtsezkoena jasotzen, uste osoa baitugu gizarte osoari egiten diola mesede horretaz jabetzeak. Helburu hori izaten dute nazioarteko egunek ere. Balio dezala martxoaren 21ak aldizkaritik zabaldu nahi dugun mezua indartzeko, eta alderantziz.