Desberdin, ez bereiz

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Praktika klinikoetan genero-ikuspegia txertatzeko gomendioek ezin dute izan zentzudunagoak: ez tratatzea berdin desberdinak direnean, eta alderantziz, ez tratatzea desberdin berdinak direnean. Osasun-zerbitzuetan gertatzen den genero-bereizketari aurre egitea da gomendio horien helburua, emakumeek ez dezaten arreta eta tratamendu kaskarragoa jasan, hori izaten baita normalean genero-bereizketaren ondorioa. Emakumeak izan ohi dira kaltetuak.

Datuek esaten dute. Adibidez, miokardio-infartuaren intzidentzia txikiagoa da emakumezkoetan gizonezkoetan baino, eta hilkortasun-tasa, aldiz, handiagoa, generoaren arabera, pazienteak erantzun desberdina jasotzen duelako. Espainian agintzen diren psikofarmakoen % 85 ere emakumeei zuzenduta daude, nahiz eta antsietate- eta depresio-kasuak ez diren emakumeen artean gizonezkoetan baino horrenbeste aldiz handiagoak. Halaber, prozesu naturalen medikalizazioa askoz ere nabarmenagoa da emakumeen artean gizonen artean baino, dela hilekoari lotuta, dela erditzeari lotuta, dela menopausiari lotuta.

Bereizketa ez da osasun-zerbitzuetara mugatzen. Botika eta tratamendu berriak bilatzen dituzten saio klinikoen diseinutik bertatik hasten da. Oraindik ere, askoz ere animalia eme gutxiago erabiltzen dira ikerketan, eta pertsonekin egiten diren probetan ere, emakumeak nabarmen gutxiago dira, baita emakumeei gehiagotan eragiten dieten gaixotasunak ikertzen direnean ere; gaitz asko generoetako batean eta bestean berdin ez agertu arren, eta tratamenduekiko erantzuna ere berdina izan ez arren. Jokabide justifikatua da batzuetan, baina azken emaitza ezin da izan emakumea, emakume izateagatik, zaurgarriago bilakatzen duen medikuntza-sistema bat.

Medikuntzan gertatzen den genero-bereizketaren kasu adierazgarriak, kezka sakonak eta egoera aldatzeko proposamen zehatzak jaso ditugu zenbaki honetan, gaiari eskainitako bi artikuluetan. Eta, horrekin batera, barruko orrietan hitza hartzen duten ikertzaileek transmititu diguten ikusezintasuna, eta ikusgai bilakatzeko beharra.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila