Bihar, atzo, gaur

Adimen artifiziala eta ikasketa automatikoa egiten ari diren bidea ikusita, ez litzateke harritzekoa mende honetan bertan gizakiok bezain adimentsuak diren makinak lortzea. Dagoeneko hor daude ibilgailu autonomoak, droneak, ikasteko gai diren makinak, adinduei eta ezinduei laguntzeko robotak… Hortaz, erraz irudika dezakegu robotak eta gizakiak elkarrekin biziko diren gizarte bat. Prest egon behar dugu.

Gero eta gaitasun handiagoa dute ikasteko, eta erabaki egin beharko dugu zenbateko autonomia eman nahi diegun. Ez da erraza muga non jarri erabakitzea. Izan ere, aldez aurretik jarritako mugak oso zorrotzak badira, beharbada galgatzen ariko gara izan dezaketen garapena. Pil-pilean dagoen gai horri buruzko hausnarketa ekarri nahi izan dugu, adimen artifizialean lanean diharduten ikertzaileen eskutik.

Baina, gure gizartearen etorkizunaz hausnartu nahi dugun bezala, honaino iristen lagundu diguten alderdiei ere gustura begiratzen diegu. Oraingoan, gure espeziearen eboluzioan gako izan den faktore bati: suari. Oraindik badago argitu gabeko kontu bat: nork piztu zuen lehen sua? Homo erectusek jada erabiltzen zuen sua egunerokoan, baina nork lortu zuen sua sortzea? Gu izan ginen, edo aurretik neandertalek lortu zuten sua piztea? Eztabaidaren sua, behintzat, ederki piztu dute neandertalek, haien gaitasunen inguruko eztabaida gori-gori baitago oraindik ere.

Bestetik, urtero bezala, CAF-Elhuyar sariak banatu dira maiatzean, eta irabazleen artikuluak ekarri ditugu. Parte hartu duten guztiak zoriontzeko aprobetxatu nahi dugu, eta, bereziki, Elhuyarren Merezimendu Saria jaso duen M. Jesús Esteban Galarza matematikaria. Eskerrik asko, M. Jesús, euskara erabiltzen aitzindari izateagatik matematika euskaraz egiten ez zen garaian.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila