Duela hamar urte, atal berri bat sortu genuen aldizkarian: Ekinean. Haren helburua emakume gazte ikertzaileei ahotsa ematea zen, irudipena baikenuen askotan isilean geratzen zirela, haien lankide gizonezkoen aldean. Hamar urte hauetan egindako ehun elkarrizketa baino gehiagoetan, baieztatu dugu irudipena erreala dela, eta iruzurti-sindromea, kristalezko sabaia, zoru likatsua eta genero-diskriminazioaren beste forma batzuk izendatzeko terminoak ez direla kontzeptu abstraktuak, izen-abizenak eta gorputzak dituztela.
Horrekin batera, elkarrizketatuen eskutik, ikerketa-mundua barru-barrutik ezagutu dugu. Artikulu zientifikoen estilo eta edukitik urrun, haien bizipenen bidez jakin dugu, ez soilik zer ikertzen duten, baizik eta baita haien pozak eta penak zein diren ere; zer zailtasun izaten dituzten, eta nola gainditzen dituzten. Horri esker, ondorioztatu dugu, oro har, jakin-minak bultzatuta iritsi direla ikertzaile izatera, grinatsu aritzen direla lanean, eta ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna direla haien arazo nagusiak.
Ezin da aipatu gabe utzi EHUren Kultura Zientifikoaren Katedra izan dugula bidelagun hasieratik. Hain zuzen, Ekinean ataleko elkarrizketak aldi berean argitaratu dira Elhuyar aldizkarian eta Zientzia Kaieran, hilean behin. Orain, gainera, EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren Arloko Errektoreordetzaren laguntzarekin, EHU-Ekinean podcastean ere entzun daitezke.
Ez da hori izan denborarekin egin dugun aldaketa bakarra. Bidean, ateak zabaldu dizkiegu, emakume izan gabe ere, estereotipoetatik kanpo geratzen diren beste ikertzaile batzuei: heteroarautik kanpokoei, ertzetako diziplinetan ikertzen dutenei, lehiari uko egin diotenei, herrialde pobretuetatik datozenei, ikusmen- edo entzumen-urritasuna dutenei…
Ukaezina da azken urteotan unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan inklusioaren aldeko ahaleginak egiten ari direla. Ahalegin horiek sustatzeko ardura dugu Elhuyar aldizkarian, eta, horretan, ekarpen benetan baliotsua egin dute Ekineanen parte hartu duten ikertzaileek. Eskerrik beroenak, beraz, guztiei, beren lekukotza zintzo, ausart eta aberasgarriarengatik.
Elhuyarrek garatutako teknologia