Idatzi honen bidez, Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan, gure ardura eta ezinegona adierazi nahi dugu azken urteetan, eta, batez ere, azken hilabeteotan Urumea bailaran hainbat lurjabe, erakunde publikoen baimenarekin egiten ari den eukalipto-landaketen aurrean. Nafarroarekin muga egiten duten Urumeako zenbait bailaratan (Usoko erreka, Kartola edo Olaberri bailara, Sagarreta…) eukalipto landaketak gero eta ugariagoak dira (300 ha prentsan ateratako informazioaren arabera), eta horrek, hainbat ikerketek adierazten duten moduan, inpaktu berreskura ezinak sor ditzake bertako biodibertsitatean, bailarako ekosistema ezberdinetan, Urumeako ibaiaren eta erreken hidrodinamikan, zein bertako faunan eta floran.
Idatzi hau sinatzen dugunok 2007tik hona egindako ikerketek erakusten duten moduan, biodibertsitate aldetik garrantzi handiko bailarak dira [1] eukalipto-landaketak jaso dituztenak. Bailaren litologiak, kokapenak eta malkartasunak baldintza bereziak sortzen ditu, eta horrek espezie mehatxatu ugariren bizitoki bihurtu ditu. Nabarmentzekoak dira, esaterako, 2013an publikatu genuen lanean [2] adierazten diren 6 landare mehatxaturen 112 nukleoen presentzia. Horien artean dira, mundu osoan Euskal Herri inguruan baino aurki ezin daitekeen Soldanella villosa, eta Hymenophyllum tunbrigense, Vandenboschia speciosa eta Dryopteris aemula iratze paleotropikal babestuen populazioak. Banaketa isolatua duen Veratrum album espeziea, eta desagertzeko arriskuan dagoen Prunus lusitanica jatorri paleotropikaleko arbolaren aleak ere badira bertan.
Ikerketa hartan adierazten zen bezala, gainera, bailara hauek oso garrantzitsuak dira aipaturiko espezieen kontserbaziorako. Izan ere, Euskal Herrian 2013 arte ezagutzen ziren H. tunbrigense, S. villosa eta V. speciosa-ren banaketa-azaleraren %30a baino gehiago Urumeako bailara horietan zegoen. Hori dela eta, V. speciosa-ren kasuan, esaterako, 2012tik Europa mailako populazioen genetikari buruzko ikerketa baten parte dira bertako nukleoak, eta klima aldaketaren aurrean, espeziearen babesleku izan daitezkeela bailarak [3]. Era berean, landare mehatxatu populazio gehienak gune babestuetatik kanpo daude (Parke naturalak edo Kontserbazio Bereziko Eremuak kasu), eta egindako ikerketan jada aurreratzen genuen moduan, baso ustiaketa mota batzuk arriskutsuak izan daitezke landare babestu horien biziraupenerako [2].
Mikologia eta likenologia aldetik ere, nabarmentzekoak dira bertan aurkitu ditugun hainbat espezie berezi. Horietako asko mehatxatuak daudenak: Lobaria pulmonaria, Lobaria virens, Thelotrema lepadinum, Sticta canariensis, Sticta limbata, Nephroma parile, Piptoporus quercinus (IUCNn zaurgarri gisa katalogatua).
Horiek guztiez gain, ordea, fauna espezie babestuen presentzia ere nabarmena da. 10 urtetan zehar egin dugun azterketa herpetologikoak [4] 15 espezie kokatzen ditu bertan, zeintzuetatik 7k Europa mailako babesa duten. Aranzadi Z.E.k bertako aleekin egindako ikerketek, ordea, garbi adierazi dute eukalipto landaketek eragin zuzena dutela horien osasunean eta biziraupenean [5].Herpetofaunaz gain, alabaina, nabarmentzekoak dira desagertzeko arriskuan diren bisoi europarraren (Mustela lutreola) eta muturluze piriniotarraren (Galemys pyrenaicus) kudeaketa planean sartzen direla bailarako errekak, eta beraz, euren kontserbazio-maila modu zorrotzean babestu beharko litzatekeela, kudeaketa planak agintzen duen moduan.
Beste hainbat ikerketen faltan, aipaturiko datuak egundaino eginiko azterketen emaitza baino ez dira. Bailaren potentzialtasuna ikusita, baina, aurreikusten da babesturiko beste hainbat espezieren bizileku ere izan daitezkeela. Era berean, bailaren kokapenak Europa mailan babestuak dauden Leitzaran, Urumea eta Aiako Harria Kontserbazio Bereziko Eremuen korridore natural moduan jokatzen dute, euren arteko konektibitatea ahalmenduz.
Ezaugarri horiek guztiak kontuan izanik, eta bertan ematen ari den baso kudeaketa kontuan izanda, idatzi hau sinatzen dugunok zera eskatzen dugu:
- Urumea bailaran eukalipto-landaketa gehiago ez egitea.
- Dagoeneko egin diren eukalipto-landaketen artean korridore naturalak sortzea.
- Landaketak egin diren eremuetan, errekatik 100 metroko distantzian bertako basoa mantentzea edo errestauratzea, bisoiaren eta muturluzearen kudeaketa-planek adierazten duten bezala.
- Basogintza plan egituratu eta antolatua izatea arro-mailan, beti ere bertako ekosistemen eta espezieen kontserbazioa kontuan izanik.
- Bertako erreken eta espezie babestuen jarraipena egitea, ikerketa sustatuz, egin diren landaketek biodibertsitatean izan dezaketen eragina neurtzeko.
- Egiten diren basogintza-lanek neurri zorrotzak betetzea eta jarraipena egitea.
- Bailara hauei babes-maila handiagoa ematea, aurretik planteatu izan diren mikroerreserba sare, Parke Natural eta KBE bilakatuz.
- Erakundeen eta ikertzaileen arteko koordinazioa.
Izan ere, bailara hauen kudeaketak, biodibertsitateaz eta paisaiaz gain, eragin zuzena du ura zein lurzoruaren kontserbazioan, bai eta uholde-arriskuaren kudeaketarekin ere. Aldaketa klimatikoaren ondorioak are larriagoak izango dira hazkuntza azkarreko landaketak nagusitzen diren heinean. Horrez gain, Urumeako arroan uholdeen maiztasuna eta eragindako kalteak handituz doaz azken hamarkadetan. Basoak soiltzeak, magalak pistaz josteak, lur mugimenduak eragiteak eta lurzorua trinkotzeak kalte konponezinak dakartza inolako zalantzarik gabe.
Legeak eta arauak badiren arren, horiek gure ondarea babesteko nahikoa ez direlakoan gaude. Bailara horien historia luzeak ez du azaltzen bere hauskarritasuna. Ezta testuinguru ekonomikoak ere: Euskadi per capita BPG altuena duten EBko zortzi herrialdeen artean dago. Ez gara gai izango gune hauetako biodibertsitatea eta identitatea gordetzeko?
Testuinguru honetan Iturburuak eta haren arteriak kontserbazio-egoera onean mantentzeak berebiziko garrantzia du. Are gehiago, garai hauetan, non eta ikerketa guztiek adierazten duten biodibertsitatearen kontserbazioak erabateko lotura duela gure osasunarekin eta datozen belaunaldiei utziko diegun ondarearekin. COVID-19k eragindako pandemia hausnarketarako aukera ezin aproposena delakoan gaude.
Hori guztia dela eta, Urumeako bailaren kontserbaziorako benetako egitasmoak lehenbailehen abian jartzeko deia egiten dugu. Ubideak eta ibaiertzetako landaredia kontserbatzea hil ala biziko neurria da, mehatxupean dauden espezieentzat zein guretzat; beraz, hor dugu lehentasuna: lursailak erosi, lursailak zaintzan hartu, edota landaketez ingurutako errekastoak errestauratzea. Horixe da gure erronka, eta egitasmo honetarako erakunde, elkarte eta pertsona ezberdinen atxikimendua eskatzen dugu.
[1] Sanz-Azkue, I., Olariaga, I. & Díez, J. 2007. Hernaniko natur ondarearen azterketa. Hernaniko Udala.
[2] Sanz_Azkue, I., Díez-López J.R. eta Olariaga-Ibarguren, I (2013). Inventory and mapping of red-listed vascular flora in Hernani municipality (Gipuzkoa, Basque Country). Munibe (Ciencias Naturales-Natur Zientziak), (60), 7-38.
[3] Felipe-Díaz, A., Olariaga, I. & Sanz-Azkue, I. 2012. Trichomanes speciosum iratzearen banaketa geografiko potentzialaren analisia Hernanin eta Urumea arroan. Hernaniko Udala.
[4] Sanz-Azkue, I. & Alkorta, E. 2017. Hernaniko eta inuguruetako anfibioak eta narrastiak. Aranzadi Zientzia Elkartea. ISBN 978-84-945560-6-7
[5] Sanz-Azkue, I. 2018. Uhandre palmatuaren kasua. Eukaliptoa eta pinua kaltegarriak ote anfibioentzat? 2018-03-04. ARGIA astekaria. 2589 alea.
Elhuyarrek garatutako teknologia