Orain dela hilabete gutxi batzuk, nire bulegoan hautsez jositako apal bat txukuntzen ari nintzela, altxor arkeologiko bat aurkitu nuen: 3,5 hazbeteko disketez betetako kutxa bat. Arkeologo batek, lehendabizi, aurkikuntza noizkoa den zehaztuko luke. Beraz, etiketei begiratu nien. Eskuz zirriborratuak zeuden, eta 20. mendearen bukaerakoak zirela esan zidaten; hain zuzen, 1989tik 1995era bitartekoak.
Itxaropen bizi bat sortu zitzaidan. Izango ote zuen diskete horietakoren batek ustekabeko aurkikuntzarik (ganbaran aurkitutako maleta zahar batean zetazko zintaz loturik agertutako maitasun-gutunen parekorik)? Etiketetan ez zegoen erromantikotasunik; "Babeskopia" besterik ez zuen jartzen. Gauzak okerragotzeko, nire ordenagailu eramangarria 2007koa zen, eta ez zuen diskete-irakurgailurik.
Lehenengo diskoa kanpoko disko-irakurgailu batean sartuta --lagun batek utzitako irakurgailu batean--, leiho bat agertu zen, baina hutsik zegoen.
Diskoari buruz gehiago jakiteko "Eskuratu informazioa" sakatzean, ikusi nuen ez zegoela byte bakar bat ere libre. Gauza bera gertatu zen gainerako disketeekin ere. Zer gertatzen zen? Disketeetan bazegoen zerbait, jakina. Baina 1998an Apple etxeak diskete-irakurgailuak kendu ondoren erosi zuen nire lagunak diskete-irakurgailu hura, eta ez zituen diskete zaharragoak irakurtzen.
Zerbaitez konturatzen hasi nintzen. Nire amonaren argazki-albuma beti zegoen ikusgai, begi hutsez, baita argazkiak histen hasi ondoren ere. Hark eskuz idatzitako gutunak irakurri egin ditzaket oraindik, nahiz eta tinta beltza marroi argi bihurtu den. Ordea, nire belaunaldiak --harro, teknologia modernoekiko duen erlazioaz-- makinak behar ditu bere oroitzapenetara iristeko, baina makina horiek bizitza laburrekoak dira, eta bizkor ari dira desagertzen.
Nire hurrengo urratsa adiskide bati bisita egitea izan zen. Nenad Jovanovic Bartzelonan bizi da, eta Macintosh ordenagailu zaharrak biltzen ditu. Disketeak haien adinarekin bat datorren ordenagailu batean sartzea proposatu du. Apal batetik kutxa bat hartu du, eta, kontu handiz erabili du, eskuartean Ming ontzi bat balu bezala. Nork dio ez dela hura bezain baliotsua? Izan ere, baliteke egunen batean halako museoetara jo behar izatea gure oroitzapen pertsonalak berreskuratzeko.
Kutxaren barruan LCII bat dago, arrazoizko prezioa zuen Macintoshen koloretako lehen modeloetako bat, 1992an merkaturatua. Kablez betetako kutxa bat miatu, korronte-kable egokia aurkitu eta ordenagailua martxan jarri da, burrunban.
Lehen diskoa sartu dut unitatean, eta han daude aspaldi ahaztu nituen oroitzapen guztiak; besteak beste, adiskideei eta familiakoei idatzitako ezin konta ahala gutun. Irudirik gabeko word fitxategi hutsak dira denak, eta haietako bakoitzak bi-hiru kilobyte besterik ez du hartzen. Neure buruari gogorazi behar izan diot laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran argazki-filmak erabiltzen genituela oraindik, gutunak postetxetik bidaltzen genituela eta bideo-fitxategien ordenagailuen bidezko berehalako mezularitza Star Treken soilik ikusten genuela.
Baina nola gorde ditzaket dokumentu aurkitu berriak? Bateragarriak dira gaur egungo inprimagailu baten kontrolatzailea eta museoko ordenagailua?
Ez, ba.
Baina Nenadek badu hori baino ideia hoberik. Bere kutxak arakatu ditu berriro, eta modem zahar bat atera du. Handik gutxira, LCII aitona zaharra Internetera konektatua dago, eta, poliki-poliki, banaka-banaka (arnasestuka ari da!), nire dokumentuak posta elektronikoz nire ordenagailu eramangarri berrira bidaltzen ari da, han gordetzeko.
Eramangarrian, nire gutun zaharrak ondo irekitzen dira, baina zenbait fitxategik "formatu ezezaguna" dute. Fitxategi horiek sortzeko erabilitako softwarearen gaur egungo bertsioak ez ditu onartzen 1995ean bertsio zaharrago batekin sortutako fitxategiak. Hamazazpi urte soilik pasatu dira ordutik, baina programazio informatikoarentzat, ordukoak historiaurreko lengoaia zaharkituak direla esan genezake.
Oso arazo larria da hori. Batetik, gure bizitzak grabatzeko obsesioa dugu gure gizartean: mezu elektronikoak, argazkiak, bideoak eta beste fitxategi batzuk. Baina, bestetik, ez ditugu gorde oroitzapen horiek deszifratzeko gai diren gailuak. Hala, maien alfabetoa bezain ahantziak bilakatzeko arriskuan daude, esate baterako, 1980ko hamarkadako diskete bat, karpeta batean 2000ko jpg argazkiak dituen DVD bat eta 2012ko USB-memoria bat. Hemendik hogeita bost urtera gure ordenagailuak DVDak irakurtzeko gai izango dira oraindik? Ez ote daude USB konektoreak --kanpoko unitateetarako hain erabilgarriak-- pixkanaka desagertzeko arriskuan? Nola bereganatuko dute gure seme-alabek eta bilobek familiaren historia?
Batera daitezke formatu elektroniko modernoen abantailak (abiadura, mugikortasuna, kolorea, soinua eta musika) eta erabilgarritasun unibertsala?
Nire fitxategi pertsonalera itzul naiz. Disko bat dago oraindik, eta "1989" jartzen du etiketan. Benetako dinosauro bat da. Megabyte oso bat biltegiratzeko ahalmena du. Garai hartan, berrikuntza iraultzailea zen hori; orain terabyte bateko kanpoko disko gogorraz nagoen bezain harro nengoen orduan diskete horretaz.
Nenadek Mac Plus batean sartu du diskoa; 1986tik 1990era merkaturatu zen ordenagailu hori. Istorio-karpeta bat duen leiho bat agertzen da. Lehenengoa ireki dut, eta, zorionez, hura eskaneatzen hasi da ordenagailua. Baina, halako batean, zoritxarra. Errore-mezu bat agertu da pantailan: datuak hondatuak daude. Pantaila zuri jarri da. Ia-ia entzun egin dut nire istorioak lurruntzean egin duen ufada, eta datuen hilerri handian desagertu dira zeruan (edo hodeian esan behar ote dut?). Jakin, badakit hamarkada baten edo biren ondoren datu magnetikoak beren burua ezabatzen has litezkeela. Horregatik, zakarrontzira bota dut disketea. Baina ez da dena galdu. Nire historiari egindako begiratu laburrean (esan beharrik ez dago ez zela, inondik inora, gogoratzen nuen bezain ona), datu batzuk beste biltegiratze-zerbitzu batera pasatu dira; hain zuzen, nire garunera eta haren memoria fidagarritasun eskasekora. Kafe kargatu bat egin dut, RAM memoria hobetzeko, eta lanera itzuli naiz berehala...