Zuloek soinua indargabetzen lagun dezakete

Zuloek soinua indargabetzen lagun dezakete
2008/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: Nafarroako Unibertsitate Publikoa; LABEIN)

Makinaria baten pieza zaratatsuak isilarazteko, pieza horiei zuloak egitea litzateke egokiena. Izan ere, zulo horiek zenbait uhin-luzeratan transmititzen den soinua gutxiagotzen dute. Hori ondorioztatu dute Valentziako Unibertsitate Politeknikoko eta Madrilgo Optika Institutuko zenbait ikertzailek.

Horretarako, ikertzaile-taldeak milimetro bateko lodierako zenbait plaka jarri zituen uretan, eta plakaren alde batetik transduktore baten bidez ultrasoinuak igorri, eta transmititutako soinua neurtu zuten beste transduktore baten laguntzaz. Plaka horiek zulatuz gero soinu gutxiago transmititzen zela ikusi zuten. Transmisio hori plaken lodieraren, zuloen diametroaren, zuloen arteko tartearen eta zuloen kokapenaren araberakoa da. Soinua gehiago indargabetzen da zuloen arteko tartea eta soinuaren uhin-luzera antzekoak direnean.

Ikerketa uretan egin badute ere, airean ere hori bera gertatuko litzatekeela uste dute adituek. Are gehiago, litekeena da zulatutako plaka horiek metamaterial akustikoak egiteko erabiltzea etorkizunean.

1
247
2008
11
009
Fisika
Berriak labur
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila