Galdutako fosil bizi bat berraurkitu da Madagaskarren, loredun landareen eboluzioko kateen maila galdua izan daitekeena.
1909an Takhtajania perrieri zuhaitzaren ale bakarra aurkitu zen irlaren ipar-mendebaldean, baina espezie bereko zuhaitz gehiago aurkitzeko ahaleginak hutsalak gertatu ziren. Dena dela, berriki, botanikariek 50 aleko saila aurkitu dute irlaren beste muturrean.
Zuhaitzak Winteraceae familiakoak dira. Familia honetan kokatzen dira zuhaitz loredun primitiboetako batzuk. Familia honetako landareak duela 24 bat milioi urte desagertu ziren Afrika kontinentaletik.
Takhtajania perrieri 7 metroko luzeraraino hazten da eta bere lore purpurak maiatzero loratzen direla uste da. Ezaugarri moderno eta primitiboen nahastea du. Landare loredun primitiboek karpelo bakan asko dituzte. Landare modernoetan, ordea, karpeloak egitura konposatu batean uztartuta daude. Takhtajania perrieri karpelo konposatua eratutako lehen landare primitiboetako bat izan daiteke.