Nature-n argitaratutako artikulu baten arabera, plaka-tektonika duela lau mila milioi urte baino lehenago hasi zen; hau da, orain arte uste zena baino lehenago. Hori ondorioztatu dute artikuluaren egileek, Kaliforniako Unibertsitateko geologoek, arroka zahar batzuetan topatutako mineraletatik.
Ikerketa Australiaren hegoaldeko Jack Hills-en egin dute. Arroka horiek eon hadearrekoak dira, Lurra sortu eta lehen 600 milioi urteetakoak. Eta arroka horietan zirkoia topatu dute. Ikertzaileek frogatu dutenez, zirkoi hori 700 ºC-an sortu zen, normalean baino askoz tenperatura baxuagoan, beraz. Tenperatura horretan zirkoia sortzeko, urez aseta egon behar zuen, eta presio izugarri altuan; eta hori subdukzio-eremuetan gertatzen da, alegia, plaka tektoniko bat beste baten azpian sartzen den lekuetan. Horrenbestez, garai haietan, Lurra artean oso gaztea zela, plaka-tektonika bazegoela ondorioztatu dute geologoek.