Zigarroen keak obuluak hil ditzakeen osagaiak ditu

Ondorio horretara heltzeko, zientzialariak aurreko bi ikerketen ondorioetatik abiatu ziren. Batetik, ‘zain’ dauden obuluak hiltzen direnean, inguratzen duen mintza ere hil egiten dela hartu zuten kontuan; mintz horrek emankortasuna izateko ezinbestekoak diren estrogenoa eta beste hainbat hormona sintetizatzen ditu. Bestetik, hidrokarburo aromatiko poliziklikoek (tabako-kearen osagai batzuk) saguen obuluak hiltzen dituztela ikusi zen beste ikerketa batean.

Orain, bi ideia horiek lotu dituzte esperimentu berri batzuk diseinatzeko. Lehen esperimenturako hipotesia hau zen: aipatutako hidrokarburoek apoptosia (zelulak ‘bere buruaz beste’ egiteko duen prozedura) martxan jartzen dute. Ikertzaileek hidrokarburoen hartzaile diren ADNaren bi gune espezifikoak aurkitu zituzten. Gune horietan lotuta, hidrokarburoek kate-erreakzio genetiko bat eragiten dute, eta erreakzioaren ondorioa apoptosia da. ADN-zati hori zelula guztietan dago, baina obuluetan bakarrik gertatzen da erreakzioa.

Hurrengo urratsean, ikertzaileek saguen obuluei bi ADN-zati horiek kendu eta hidrokarburoekin tratatu zituzten. Obulu horiek ez ziren hil. Azkenik, ikertzaileek jokabide hori emakumezkoengan ere probatu dute, eta aurreko esperimentuaren ondorio bera atera dute.

Beraz, hidrokarburo aromatiko poliziklikoen eta obuluen arteko elkarrekintza oso espezifikoa da; izan ere, ADNaren hainbat guneren mendekoa da. Ikerketa horrek tabakoaren efektuari aurre egiteko metodoren bat bilatzeko bide berriak eskaintzen ditu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila