Zientzumena, zentzumen birtualak ikusgai

Zientzumena, zentzumen birtualak ikusgai
2006/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: A. Galarraga)

Zientzia-fikziozko istorioetako protagonistek zentzumen artifizialak izaten dituzte askotan. Horiei esker, inguruari buruzko informazio zabala jasotzen dute, pertsona arruntok jaso dezakeguna baino zabalagoa, eta inguruarekin duten elkarrekintza ere bestelakoa da. Guretzat muga dena haientzat ez da oztopo.

Zientzia-fikziotik errealitatera etorrita, zientzialariek aurrerapauso handiak egin dituzte zentzumenak digitalizatzeko eta zentzumen artifizialak garatzeko. Horren berri eman zuten joan den hilean Donostiako Miramon Parke Teknologikoan, Zientzumena izeneko jardunaldiaren bitartez.

EHUk, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bic Berrilanek antolatu zuten jardunaldia, eta pare bat arlotan egindako aurrerapenak erakutsi zituzten adituek: minusbaliatuek dituzten mugak gainditzeko garatzen dituzten tresnak edo aplikazioak erakutsi zituzten batetik, eta, bestetik, elikadura/gastronomia arlokoak.

Zentzumen mugatuak konpentsatzeko, bi bidetatik jotzen dute ikertzaileek. Batean, zentzumen mugatua beste batekin ordezkatzen saiatzen dira. Horren adibide gisa, Interneteko testu idatziak entzutezko bihurtzen dituen aplikazio bat zegoen jardunaldian.

(Argazkia: A. Galarraga)

Beste bidea zentzumen-gaitasuna handitzean datza, kanpoko sentsoreen bidez. Esate baterako, Iriscom aplikazioari esker, mugitzeko arazoak dituztenek ordenagailua erabiltzeko aukera dute, begien mugimenduaren bidez. Beste adibide bat gurpil-aulki autonomoa da.

Elikadura eta gastronomiaren arloan, berriz, usaimena eta dastamena ziren zentzumen izarrak. Esaterako, mihi elektronikoaren eboluzioa azaldu zuten eta Bartzelonako Mikroelektronika Institutuan garatu duten tresna erakutsi zuten. Bestalde, Standford Unibertsitateko ikertzaile batek TasteScreen aplikazioa aurkeztu zuen. Ordenagailuaren pantailan, nahi den zaporea duen geruza likidoa sortzen du tresna horrek. Antzekoa egiten du, baina usainekin, Vortex Active-k, nahi den usaina sortzen baitu sistema horrek; eta, nola ez, sudur elektroniko bat ere bazegoen, NELAS.

Zentzumen guztiak erne jartzeko moduko jardunaldia izan zen. Dena dela, zentzumenak sistema artifizialekin ordezkatzeko garaia oraindik urruti dagoela aitortu zuten ikertzaileek. Hori bai, aurrerapauso ikusgarriak eta baliagarriak ematen ari direla erakutsi zuten.

1
225
2006
11
024
Teknologia; Anatomia/Fisiologia; Osasuna; Softwarea
Berriak labur
11
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila