Zientifikoki oso urte emankorra izan da 2023. Zaila da hamar albiste esanguratsuenak aukeratzea, baina hauxe da Elhuyarrek aurten proposatzen duen hamarkotea:
1. Ingurumena izan da protagonista nagusia 2023an. Planetaren bederatzi mugetatik sei gaindituta daude dagoeneko, eta beste bi gainditzeko bidean. Ingurumen-larrialdi globalari arduraz heltzeko, ingurumenari buruz komunikatzeko dekalogoa argitaratu du Elhuyarrek.
2. Adimen artifiziala. Adimen artifizialaren magiaz aritu gara aurten, behin eta berriro. Baina adimen artifizialaren etikaz ere aritu zaigu esparru horretan munduko erreferente direnetako bat, Bernhard Schölkopf: “Ezinbestekoa da adimen artifizialaren gainean eztabaidatzea eta gogoeta egitea”.
3. Gazteen osasun mentala. Datuek argi adierazten dute: antsiolitikoen kontsumoa igo egin da nerabeetan; bereziki, emakumezkoetan eta klase apalekoetan. Psikofarmakoak, gazteetan, gizartearen ondoezaren ispilu dira.
4. Ilargirako misioak. Aurkikuntza esanguratsuak egin ditu Ilargian Indiako Chandrayaan-3 misioak, eta Ilargiaren historia liluragarria ezagutzeko aprobetxatu dugu.
5. Kutsaduraren eragina. Arnasten dugun aireari buruzko datuak, Brasilgo haurren leuzemia-kasuen igoera pestizidekin lotuta egon daitekeen zantzuak, eta janari eta edarietako plastifikanteen arriskuez zientzialariek egindako ohartarazpenak jaso ditugu.
6. Euskal Herriko neandertalek emandako sorpresak. Neandertalen arrastoak aurkitu dituzte San Adriango kobazuloan eta baieztatu dute neandertalak oso berandura arte bizi izan zirela Lezetxikin.
7. Pirinioetako glaziarrak gainbehera bizian. Albisteak bata bestearen atzetik etorri dira: Glaziarren azken egunak dira, Anetoko glaziarrak azaleraren % 64,7 galdu du azken 41 urteetan, eta Perdidoko glaziarraren ezpurutasunek fusioa azkartu duten ebidentzia zientifikoak agertu dira.
8. Alzheimerrak sortutako esperantza-izpiak. Ariketa fisikoak alzheimerraren garapena moteltzen du, baita arrisku genetikoa dutenetan ere. Zahartzea ikerketa medikoen ikuspegitik aztertzeko baliatu dugu aukera.
9. Munduko seigarren super-ordenagailua Donostian. Fisikak Euskal Herrian utzitako albisterik onena Basque Quantum-en sorrera da. Javier Aizpurua zuzendari zientifikoa eta kuantikaren iraultza berria izan dira aurtengo protagonista nagusienetako batzuk.
10. Pandemiaren bukaera. OMEk bertan behera utzi zuen maiatzean COVID-19aren osasun publikoko nazioarteko larrialdi-egoera. Baina ez da izan albiste on bakarra: SARS-CoV-2 birusa zelulen barnean nola erreplikatzen den argitu dute aurten, eta jakin dute litekeena dela COVID iraunkorra erlazionatuta egotea serotoninaren jaitsierarekin.
2024 urtea bukatzera doana bezain emankorra izan dadila!
Elhuyarrek garatutako teknologia