COVID iraunkorra serotoninaren jaitsierarekin erlazionatuta egon daitekeela iradoki dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

covid-iraunkorra-serotoninaren-jaitsierarekin-erla

COVID-19a izan eta zenbait hilabete geroago COVID iraunkorraren sintomak dituzten pazienteekin egindako ikerketa bat argitaratu du Cell aldizkariak. Haren arabera, litekeena da COVID iraunkorraren sintomek zerikusia izatea serotoninaren jaitsierarekin. Hori azaltzeko mekanismoa ere proposatu dute.

Penn Unibertsitateko ikertzaileek zuzendu dute ikerketa. COVID iraunkorra zuten zenbait pazienteren gorozki-laginak aztertuta, ohartu ziren batzuek SARS-CoV-2 birusaren arrastoak zituztela. Hortik ondorioztatu zuten birusaren konposatuek hesteetan iraun zutela, eta ikusi zuten konposatu horiek immunitate-sistemaren erantzuna pizten zutela. Zehazki, haien aurkako proteina batzuk, interferoiak, sorrarazten zituzten.

Azaldu dutenez, interferoiek hantura eragiten dute hesteetan, eta horrek triptofano aminoazidoa behar bezala xurgatzea eragozten du. Aminoazido hori hesteetan ekoizten diren zenbait neurotrasmisoreren osagaia da; tartean, serotoninarena. Eta serotoninak funtsezko zeregina du garuna eta gorputza konektatzen dituzten funtzio nagusi askotan: besteak beste, memoria, loa eta digestioa erregulatzen ditu, baita nerbio bagoa ere. Horrenbestez, ikertzaileek uste dute serotonina-mailaren jaitsierak eragin ditzakeela COVID iraunkorraren ohiko sintoma batzuk: burua “lanbrotuta” eta kontzentratzeko arazoak izatea, memoria galtzea, nekea…

Are gehiago: saguetan frogatu dute, serotonina-maila igota, memoria-arazoak hobetzen direla. Ikertzaileen esanean, horrek bidea irekitzen du tratamendua probatzeko serotonina-maila baxua duten pazienteekin. 

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila