Zergatik du Saturnoren B eraztunak binilozko disko baten antza?

Zergatik du Saturnoren B eraztunak binilozko disko baten antza?
2011/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: NASA)

Hiru hamarkadaz, Saturnoren eraztunik distiratsuena eta masiboena denetan misteriotsuena ere izan da. B eraztunak ildo ilunak ditu, eta ildo horiek binilozko disko baten antza ematen diote. Baina horiek nola sortzen ote diren argitu ezinik ibili dira zientzialariak. Orain Boulder-ko (Colorado) Espazio Zientzien Institutuko ikertzaileek azaldu dutenez, eraztunen parterik dentsoenek joera naturala dute eraztunen banda dentsoago eta distiratsuago batzuetan biltzeko.

Ondorio horretara iristeko, Cassini zundak lau urtean B eraztunari atera dizkion milaka irudi aztertu dituzte astronomoek. Eraztunaren kanpoko ertzeko posizioan hiru pultsazio erritmiko ahul identifikatu dituzte. Oszilazio horiek, erritmo berean, ertza barnera eta kanpora mugitzen dute --75 bat kilometro--.

Ikertzaileek diotenez, prozedura hori B eraztunean soilik gerta daiteke, han partikulak elkarrengandik oso gertu daudenez, gehiago jokatzen baitute likido bezala gas bezala baino. Zorizko asaldura txikiek are gehiago hurbiltzen dituzte; eta, ondorioz, partikulen uhin edo olatu modukoak eragiten dituzte, eraztunaren ertzean sumatutako frekuentzia berberekin. Eraztuneko partikulen arteko talka leunek uhinak anplifikatzen dituzte, haiek B eraztuneko ertzean pultsazio gisa agertzeko adinako indarra izan artean. Seguruenik, berez sortzen diren uhin horiei zor zaie Saturnoren B eraztuna zirrikituz beteta dagoen itxura hori.

Astronomoek uste dute izarrengandik gertu dauden beste hauts-disko, galaxia espiral edo gasezko planeta batzuetan ere izan daitezkeela antzeko oszilazioak. Orain artean, ordea, ezin izan da baieztatu haien existentzia.

1
272
2011
2
015
Astronomia
Albisteak
16
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila