Zergatik desagertu ziren mamutak?

Azken ikerketen arabera,
ehiztari gosetiek desagerrarazi zituzten elefanteak eta mamutak Pleistozeno garaian, eta ez klima-aldaketak.

Garai hartan, gutxienez dozena bat elefante- eta mamut-espezie zeuden Afrikako, Eurasiako eta Amerikako kontinenteetan. Gaur egun, berriz, bi elefante-espezie besterik ez dago, bata Asiako hegoaldean eta bestea Saharaz azpiko Afrikan.

Espezie haiek zergatik desagertu ziren azaltzeko, bi teoria nagusi zeuden. Lehenengoaren arabera, azken izotz-aroaren bukaeran, duela 10.000 bat mila urte, klima aldatu egin zen bat-batean; ondorioz, habitatak suntsitu ziren, eta egokitzeko gai izan ez ziren espezieak desagertu egin ziren.

Beste teoriak, berriz, ehiztariak jotzen ditu desagertzearen erruduntzat. Ehizatzeko teknikak eta tresnak hobetzeak ekarri zuen elefante eta mamut-talde osoak suntsitzeko gai izatea gizakia.

Orain, AEBetako Wyoming-eko ikertzaileek bi hipotesiak aztertu dituzte, eta bietatik egia zein den jakiteko, mamutak eta elefanteak noiz hil ziren ikertu dute.

Guztira bost kontinentetako 41 aztarnategi aztertu dituzte. Eta garbi ikusi dute gizakiak, Afrikatik beste lekuetara migratzean, hildako elefanteen eta mamuten arrastoa uzten zuela bidean. Gizakiak toki bat kolonizatzearekin batera, elefanteak eta mamutak desagertu egiten dira fosilen erregistrotik.

Ikerketaren arabera ondorioztatu dute, oraingo elefanteek gaur egunera arte iraun badute, gizakiak hartu ez dituen lekuetan gorde direlako izan dela, adibidez, baso tropikaletan.

Nolanahi ere, ikerketa gehiago egin beharko dira jakiteko zergatik toki batzuetan mamutek iraun egin zuten gizakia han egon arren, eta zergatik bizi diren gaurko elefante asko gizakiak erraz hartu dituen lekuetan, Afrikako sabanan, esaterako.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila