Zergatik da ona bihotzarentzat kirola egitea?

Kirola egiteak arazo kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitzen du. Zergatik, ordea? Ikertzaile-talde baten ustez, odol-jarioa azkartzeak ondorio onuragarriak dituelako.

Ikertzaile horiek behien arterien zelulekin egin dute lan laborategian, eta odol-jarioa azkartzen denean zer gertatzen den ikusi dute. Nonbait, arazo kardiobaskularrak tratatzeko erabiltzen diren botika esteroideen eragin bera lortzen da odol-jarioa azkartzean: odol-hodietako zelulek arteriak babesten dituzten molekulak ekoizten dituzte. Molekula horiek hantura gutxitzen dute, eta, horrekin, arazo kardiobaskularren eragileetako bat desagerrarazten da. Izan ere, hodietan plaketak metatu eta hantura sortzean eragozten da odol-zirkulazioa.

Esperimentua giza arterien zelulekin ere egin dute, eta antzeko emaitzak lortu dituzte. Beraz, kirolaren bidez, hanturaren aurkako botikekin lortzen den eragin onuragarri bera lor daitekeela dirudi. Hala ere, oraindik ez dute ikusi bizidunetan ere gauza bera gertatzen den ala ez.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila