Batzuetan, edateko ura gizakiei infekzioak eragiten dizkien mikroorganismoen eramailea da; esaterako, estolderietako urek edo zabortegiek kutsatuta, hepatitisaren birusak edota Escherichia coli bakterioak eduki ditzake. Arazo hori eragozteko, zientzialariak aspalditik ari dira iragazki eraginkor baten bila.
Texasko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek zeolita mineralezko iragazkia prestatu du eta, haien esanean, birusen % 99 eta E. coli-en % 100 kentzeko gai izateaz gain, merkea da.
Mikroorganismoak erakartzeko gaitasuna emateko, azaleko karga aldatu behar izan diote, zeolitak eta mikroorganismoek karga elektriko bera baitute azalean. Horretarako, ile-egokitzaileetan eta ahoa garbitzeko likidoetan erabiltzen den gai kimikoa (HDTMA) gehitu diote zeolitari. Orain, iragazkiak zenbat denbora irauten duen eta gizakientzat toxikoa den ala ez ikertzea besterik ez da falta.