Zeluletako garraio ionikoa

NASAren Kaliforniako Astrobiologia Zentroak pauso bat gehiago eman du biziaren hasierako zelulak nola eratu ziren ezagutzeko bidean. Ordenagailuz eginiko simulazio baten bidez, M2 deritzon proteinak (gripearen birusaren proteinak) garraio ionikoa ahalbidetzen duen konfigurazioa berez hartzen duela ikusi dute.

Mintza ukitzen duenean a-helize itxura hartzen du M2 proteinak. Segidan halako lau helize elkarlotu eta besikularen mintz barnera sartzen dira, erdigunean tutu-itxurako hutsunea utziz. Egiturak mintzaren kanpoaldean dauden hidrogeno-atomoak harrapatu eta barneratu egiten ditu, protoien kontzentrazioa handiagoa eta kanpo eta barnealdearen arteko gradiente elektrikoa eratuz. Gradiente elektriko horri esker ioiak zeluletan sartu eta zeluletatik atera daitezke eta zelulak bere funtzioak bete ditzake; zelularen motorra da nolabait gradiente elektrikoa.

Ikertzaileen ustetan, hasiera-hasierako zeluletan, (protozeluletan), antzeko prozesuren bat gertatzen zen. Nahiz eta simulazioa ordenagailu bidez egin den, protozelulak laborategian egitea etorkizun hurbileko aukera dela diote ikertzaileek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila