Galdera horri erantzuteko, nazioarteko astronomo-talde batek hondoko mikrouhin-erradiazioan dauden tenperatura-fluktuazioak aztertzeko asmoa dauka.
Espazioaren topologiak astronomoen arreta piztu du azken urteotan. Laua izanda ere, itxura bat baino gehiago har dezakeela konturatu ziren astronomoak; hain zuzen ere, laua izatekotan, 18 topologia posible leudeke, eta kurbadura-graduren bat izanez gero, berriz, aukerak askoz ere gehiago dira.
Hondoko mikrouhin-erradiazioaren azken neurketen arabera kurbadura ia zero dela ondorioztatu badute ere, oraindik ezin da baieztatu guztiz laua denik; beraz, topologia posibleak asko dira. Nola jakin zein den zuzena?
Hondoko mikrouhin-erradiazioaren tenperatura-fluktuazioak neurtuta, Unibertsoa sortu zen garaiko egoera fisikoari eta gaur duen itxura geometrikoari buruzko argibideak jaso ditzaketela ikusi dute. Neurketa horiek egiteko teknologia prestatu dute, eta orain hasiko dira datu-bilketarekin. Ez dute erronka makala!