Zauriak azkarrago sendatzeko tirita

AEBetan, zauriak sendatzeko prozesu naturalean oinarritzen den tirita berezi bat asmatu dute. Berez, zauri bat egin ondoren, odolean dagoen fibrinogeno proteinak fibrinazko sare bat osatzen du. Sare horrek odol-jarioa gelditu eta zauria infekzioetatik babesten du.

Tirita berriak giza edo behi-odoletik erauzitako fibrinogenoa du. Fibrinogenoa tirita batean jarri ahal izateko, aurrena odoletik erauzi behar dute. Gero, elektrikoki kargatutako xiringa batetik pasarazi eta solbentea lurruntzen dute. Horrela, fibrinogeno-molekulak elkartu egiten dira, eta odolean duten itxura hartzen dute. Horiekin sare bat osatu eta gaza batean jartzen dituzte.

Gaza edo tirita horiek arruntek baino askoz azkarrago gelditzen dute odol-jarioa, eta sortzen ari diren zelulentzako euskarri moduan balio dute. Hurrengo pausoa kaltetutako ehunak osatzeko egitura biodegradagarriak egitea da, eta, fibrinogenoaz gain, sendatzeko prozesuan laguntzen duten beste molekula batzuk ere erabili nahi dituzte.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila