Zakurren sudur luzeari esker

Erretzaileekin bizi diren zakurrek badute birika-minbizitik babesteko bide naturala, hots, sudurra. Zakurren sudur luzeari esker, zigarroetatik ateratako partikula kartzinogenoak biriketara iritsi aurretik iragazi egiten dira. Hala dio behintzat Amerikako Epidemiologi Aldizkariak.

1960-1970 hamarkadan egindako ikerketen arabera, zigarro-keak zakurrengan kantzerra sor zezakeela frogatu zen. Colorado-ko unibertsitateko John Reif-ek, minbizia diagnostikatu zitzaien 51 zakur aztertu zituen. Helburua, zakurraren eta bere jabea erretzaile izatearen arteko erlazioa argitzea zen.

Ondoko ondorio hauxe atera zuen: jabea erretzaile zuten zakurrek birika-minbizia garatzeko arrisku handiagoa zuten. Baina baieztapen hau ez zen erabatekoa. Baldintza bat bazegoen, hau da, zakur sudur motzek bakarrik garatzen zuten birika-minbizia. Jabea erretzaile zuten zakur sudurluzeek minbizia garatzeko posibilitatea ez zen erretzen ez zuten jabeena baino handiagoa.

Baina, Reif-ek dioenez, sudurluze izateak izan dezake alderdi txarren bat. Oraindik susmoa besterik ez baldin bada ere, jabe erretzailea duten zakur sudurluzeek arnasbidetan gara daitekeen minbiziaren arriskua izan dezakete. Zakurrengan sudur-minbizia birika-minbizia baino arruntagoa da. Une honetan, beraz, ikerketak bide horretatik doaz, hau da, ea sudurluze izateak sudur-minbizia garatzeko arrisku handiagoa duen ala ez frogatzeko bidetik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila