Zakatzak, arnasa hartzeko baino lehenago, ioi-trukerako

Zakatzak, arnasa hartzeko baino lehenago, ioi-trukerako
2010/04/01 | Elhuyar
Amuarrainen larbetan, zakatzak arnasten baino lehenago ioi-trukean hasten dira. Arg.: Michael Blouin.

Amuarrain-larben garapenak iradokitzen du zakatzak ioi-trukerako sortu zirela

Oxigenoa hartzen eta karbono dioxidoa kanporatzen baino lehenago, ioi-trukean hasten dira zakatzak ortzadar-amuarrainen larbetan. Horretan oinarrituta, British Columbia Unibertsitateko ikertzaile batzuek ondorioztatu dute bigarren behar horri erantzuteko sortu zirela zakatzak, eta ez arnasa hartzeko.

Oxigenoarekin eta karbono dioxidoarekin egiten duten bezalaxe, arrainak etengabe egoten dira kanpo-ingurunearekin ioiak trukatzen. Ortzadar-amuarrainek, eta ur gezatako gainerako arrainek, oso kontuz ibili behar dute truke horretan ioiak neurriz gain ez galtzeko, kanpo-inguruneak beren odolak baino ioi-kontzentrazio txikiagoa baitu.

Bi funtzio horiek zakatzen bidez egiten dituzte arrain helduek. Larbek, berriz, hasierako garapen-faseetan azalaren bidez egiten dituzte trukeak, eta, pixkanaka, espezializatuz joaten dira, eta zakatzek hartzen dituzte lan horiek. British Columbia Unibertsitatean jakin nahi izan zuten bi horietako zein hasten diren egiten lehenago ortzadar-amuarrainen larbetan, horrek iradokitzen baitu zein funtziori erantzuteko sortu ziren eboluzioan.

Bitan banatutako kutxatan jarri zituzten larbak; kutxaren alde batean burua zuten, eta, bestean, gorputza. Hala, zakatzak lanean hasten zirenean, burua zegoen aldean truke gehiago ikusiko zuten gorputza zegoen aldean baino, larruazalak trukea egiteari utziko ziolako. Bada, ikusi zuten zakatzak lehenengo ioi-trukean hasi zirela, eta, handik hamar egunera, arnasa hartzen.

1
263
2010
4
001
Zoologia
Albisteak
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila