Denborak marka bat baino gehiago uzten du pertsona baten genoman. Kataluniako Bellvitgeko Ikerketa Biomedikoaren Institutuko talde batek aurkitu du marka horietako bat epigenetikoa dela, hau da, geneen aktibatze-prozesuan eragiten duen ezaugarri genetiko bat dela.
Ezaugarri hori zitosina metilatuen kopurua da; pertsonaren bizitzak aurrera egin ahala, gero eta zitosina gutxiagok irauten dute metilatuak. Horregatik proposatu izan dute zientzialariek zahartze-prozesuaren parte dela metilo horien kopurua gutxitzea. Manel Stellerrek, Bellvitgeko institutuan minbiziaren epigenetika ikertzen duen taldearen buruak, horixe azaltzen zuen Elhuyar aldizkariari emandako elkarrizketa batean: "Jaiotzean, epigenoma bat dugu; nerabezaroan, beste bat; eta helduaroan eta zahartzaroan, beste bat". Orain, haren taldeak neurtu egin du hori, zitosina metilatuen kopuruaren bidez.
DNA molekularen lau baseetako bat da zitosina. Beste toki batzuen artean, geneen kontrolguneetan izaten da, batzuetan metilo-talde bati lotua, eta beste batzuetan lotu gabe. Metilo bat lotua duen kasuetan, gene horrek desaktibatuta irauten du. Hori garrantzitsua da, adibidez, pertsona batek genomaren bi kopia dituelako zeluletan, bata amarengandik eta bestea aitarengandik jasotakoak, eta zitosinen metilazioaren mekanismoak balio duelako erabakitzeko gene baten zein kopia aktibatuko den eta zein ez. Kataluniako taldeak aurkitu du zitosina metilatuen kopurua aldatu egiten dela bizitzan zehar.
Horretarako, jaioberri baten genoma eta 103 urteko gizon batena konparatu dituzte. Jaioberriaren genoman metilazioaren portzentajea % 80 da, eta gizonaren genoman, berriz, % 73 bakarrik. Ikertzaileek tarteko kasu bat ere aztertu zuten, 26 urteko gizon batena, eta tarteko metilazio-portzentaje bat zuen, % 78.
Ikertzaileen arabera, datu horiek laguntzen dute azaltzen zergatik den gorputza zaurgarriagoa zenbait gaixotasunen aurrean adinak aurrera egin ahala. Hainbat minbizi-motaren kasuan, ikertzaileek markatzaile epigenetikoak bilatzen dituzte, eta markatzaile horiek sor litezke zitosina metilatzen duten proteinek lan gutxiago egiten dutelako denborarekin. Nolanahi ere, azalpen horiek oraingoz hipotesiak besterik ez dira.