Nekazaritzako prozesuetan sortzen diren poluitzaileei irtenbide berria aurkitu zaie. Londresko Imperial College erakundeko biologoek iragarri dutenez, genetikoki manipulatutako bakterioen eraginpean, hondakin horiek etanol bihur daitezke. Orain arte etanolaren ekoizpen industriala albora utzi izan da, prozesua garestia eta geldoa zelako oso. Erakunde horretan erabiltzen ari diren teknika berriek ordea, merkatu eta azkartu egin dute etanolaren ekoizpen-prozesua.
Funtsean, genetikoki manipulatutako bacillus strearothermophilus bakterioaren erabilpenean datza aurkikuntza berria. Bakterio horrek azukre-mota zehatz batzuengan duen eragina oso azkarra da. Orain arte erabilitako prozesu biologikoek huts egin duten urratsean, manipulatutako bakterio berriak bete-betean asmatzen du. Prozesu berria gainera, merkea da, Britainia Haundian neurririk gabe metatzen den lehengaia baino ez duelako behar, hots, nekazaritzako produkzioan sortzen diren hondakinak.
Azken berrien arabera bestalde, Japoniako Mitsubishi enpresan gas karbonikoa etanol bihurtzeko sistema berria aztertzen ari dira. Alga berezi bat erabiliz, gas karbonikoa amidoi bihurtzen dela baieztatu da jadanik eta baldintza egokitan horrek etanola sortuko duela espero dute. Bide horrek arrakastarik lortzen badu, erregaien belaunaldi berria martxan izango dela iragarri dute.