Zabor espazialaren kontuak

Kohete eta sateliteen zaborrak azkar metatzen ari dira Lurraren inguruan, eta metaketak erritmo honi eusten badio, astronautentzat arriskugarria izango da espazio librean ibiltzea.

Zabor espazialaren zatirik txikienak ere, espazioko jantzia zula dezake. Sidney van den Bergh astronomo kanadiarraren esanetan, zabor-kantitatea bikoizten ari da hamar urtero.

Astronomoak ere kezkaturik daude arazo honi buruz. Unibertsoko objektu argimotelenak erregistratzeko esposizio luzeko argazkiak egiten direnean, Lurra orbitatzen duten sateliteek arrastoak uzten dituzte. Arrasto hauek hiru argazkitik bat hondatzen dute.

Iparramerikarren misilen kontrako radar-sistemak orbitatzen ari diren 6.000 objektuak segitzen ditu. Hauetako %5 bakarrik dira lanean ari dirensateliteak. Besteak, ez dabiltzan sateliteak, jaurtigailu-puskak, sateliteen leherketan sortutako puskak eta abar dira.

Objektu guzti hauek tamaina handi samarra dute, baina van den Berghen eritziz badaude posta-tinbrearen tamainara heltzen ez diren beste 60.000 inguru. Txikiak izanik ere, 30.000 km/h inguruko abiaduraz higitzen direnez astronautaren jantzia honda dezakete. Uste denez, 2.000. urterako satelite bat urtean txanpon baten tamainako objektu batek joa izatearen probabilitatea %5 izango da. Kalteak oso handiak izan daitezke objektuak satelitearen sistema garrantzitsu bat jotzen badu.

Gero eta maizago gertatzen ari diren sateliteen arteko talkak dira zabor-iturri nagusienetako bat. Iparramerikarrak galaxietako gerrarako egiten ari diren saioek ere zabor-mordoa sortzen dute.

Epe luzera espazioko zaborren pilatzeari ekiditea zaila izango da eta van den Berhek esaten duen legez “ Ezin dugu dena zurgatzeko aspiradore bat gora bidali eta azkenean Lurrak hondakinen eraztun iraunkorra izango du; Saturnoren eraztunen antzekoa ”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila