Zabor-DNA, eboluzioaren gako

Zabor-DNA, eboluzioaren gako
2006/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: ucsd)

Zabor-DNA deitzen zaion material genetikoak garrantzi handia du organismo baten osotasun genetikoa gordetzean eta espezieen eboluzioan. Ondorio horretara iritsi dira Kaliforniako Unibertsitateko biologoak, ozpin-euliaren genoma sakon aztertu ondoren.

Hainbat espezieren genomak alderatuta, deigarria da geneetan ez dagoela espero bezainbesteko aldea espezieen artean; adibidez, uste baino berdinagoak dira ozpin-eulia, zizare bat eta gizakia, geneei dagokienez. Zabor-DNAn, ordea, desberdintasun handiak dituzte. Ikertzaileek ozpin-euliaren zabor-DNA aztertu dute, eta, nonbait, espero baino polikiago ari da eboluzionatzen, hautespen naturalak mutazioak gordetzearen aurka egiten duelako.

Ikertzaileen iritziz, horrek esan nahi du espeziearentzat garrantzitsua dela zabor-DNA bere horretan gordetzea. Halaber, uste dute espezie berrien eboluzioan zabor-DNAk eragin handia duela. Orain arte, espezieen arteko aldeak proteinen eboluzioaren ondorio zirelakoan zeuden. Ikerketak, berriz, bidea ematen du pentsatzeko geneen erregulazioan gertatzen diren aldaketak direla gakoa, eta, beraz, zabor-DNAn gertatzen denak berebiziko garrantzia duela.

Berriak labur
10
1
216
2006
1
026
Genetika
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila