X izpien tresna hobeak diamante-lapurrei esker

Hegoafrikar Errepublikako meategietan langileek diamanteak lapurtzen ote zituzten jakiteko, X izpiko sistema digital bat garatu zuten 1980ko hamarkadan. Medikuntzan ere erabiltzen zen, baina Hegoafrikako ospitale batzuetan soilik; orain, ordea, mundura zabaltzen hasi da. Izan ere, gorputz osoaren erradiografia egiteko nahikoak dira 13 segundo. Ohiko sisteman, berriz, ezin da gorputz osoaren erradiografia egin, zatika baizik, eta horretarako gaixoa mugitu egin behar da; gainera, guztira 45 minutu behar izaten dira.

Antza, sistemaren azkartasuna eta ematen dituen irudien kalitatea paregabeak dira, eta, hori gutxi balitz, ohiko sistemarekin gorputz osoko erradiografiak egitean baino % 75 erradiazio gutxiago jasotzen omen du pazienteak (baita meategiko langileak ere).

Bada bidaiariak behatzeko teknologia bera duen sistemarekin probak egiteari ekin dion aireporturik ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila