Wolframia, zientzialari eta zientziazale umoretsuenen lurraldea

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Bergarako Seminarixoan ospatu da aurtengo Wolfram Deuna. Aurrekoetan bezala, zientzia aitzakiatzat hartuta, zortzi hizlarik bakarrizketa zientifiko umoretsuak eskaini dituzte, Elhuyarreko Alaitz Ochoa de Eribe Aguirreren gidaritzapean.

wolframia-zientzialari-eta-zientziazale-umoretsuen
Wolfram Deuna ekitaldiko parte-hartzaileak, Juan Jose eta Fausto Elhuyar buruhandiekin, Seminarixoan (Bergara) Arg. Oihane Lakar Iraizoz

Beste behin ere hizlariek frogatu zuten zientziaren edozein alderdi izan daitekeela barregarri. Lorea Argarate Zubia telekomunikazio-ingeniaria izan zen lehenengoa, eta Elhuyar anaiak berpiztu zituen, haien arrasto digitalari jarraituta. Aitor Zandueta Criado ikertzaileak, berriz, espazioko kontu barregarriak aletu zituen, eta ildo beretik aritu zen Itziar Garate Lopez astrofisikaria, espazioko filmen akatsak nabarmenduz.

Espaziotik Lurrera ekarri zuen jendea Ainitze Labaka Etxeberria erizainak, eta ikertzaileen isuriez hitz egin zuen. Beste era bateko isuria hartu zuen gaitzat Josu Lezameta Larrabeiti euskara-irakasleak: epistaxia, hau da, odol-jarioa sudurretik. Onikofagia zer den ere azaldu zuen Lezametak, eta diziplina zientifiko berri bat aurkeztu zuen Idoia Torregarai Martija komunikatzaileak: untxiologia. Josu Lopez Gazpio kimikariak animalia drogazaleak izan zituen hizpide, eta radioaren arriskuak ezagutzen ez ziren garaietara joan zen Ibon Cancio Uriarte biologoa, orain barregarriak baina orduan tamalgarriak izan ziren ikerketak, jokabideak eta ohiturak erakusteko.

Alaitz Ochoa de Eribek bultzatuta, Wolframia errepublika sortzea adostu zuten denen artean. Ekitaldiaren ondoren, ikusleekin eztabaidatu zuten proposamena, mokadu bat hartu bitartean. Hain zuzen ere, hori bilatzen du Elhuyarrek Wolfram Deuna ekitaldiaren bidez: zientziarekiko jakin-mina piztea eta zientzialarien eta zientziazaleen arteko harremana estutzea.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group