Elhuyar Fundazioa
Urriko alean hitz egin genuen Windows Millenium Edition berriaz. Bada, zabaldu berri denez, Windows berri hori birusentzako laguntza ezin hobea da System Restore izeneko aplikazioari esker. Aplikazio hori aktibo dagoelarik birus batek sistemako fitxategi bat kutsatzen badu, fitxategia "restore/temp" izeneko direktorioan gordeko da. Hori dela eta, biruskontrakoek ezingo dituzte fitxategi horiek garbitu. Hala ere, erabiltzaileak birusa ezabatzea lortzen badu, Windows konturatuko da fitxategi horiek aldatu egin direla erabili ziren azken alditik, eta gordeta duen kopia berreskuratuko du; eta ondorioz, berriz ere birusa aktibatu egingo da. Horrelakoetan, desinfektatzeko geratzen den aukera bakarra honakoa da: diskete batetik abiatu ordenagailua eta ondoren "restore" karpetan dagoen guztia ezabatzea.