Errusiarrak berriro hasiko dira Vostok lakua estaltzen duen izotza zulatzen. Vostok lakua 3.600 metro baino gehiagoko izotz-geruza baten azpian dago, eta duela 15-35 milioi urtetik hona ez du kontakturik atmosferarekin. Hori dela eta, zientzialariek interes izugarria dute jakiteko zer motatako bizidunak egon daitezkeen izotz azpian. 1990eko hamarkadan, uretara iristeko 130 metro falta zirela gelditu zituzten zulatze-lanak errusiarrek, eta orain 50 metro gehiago zulatuko dutela adierazi dute. Nonbait, ura kanpoko mikroorganismoekin ez kutsatzeko modua asmatu dute, eta 2007-2008rako uretaraino iritsi nahi dute.