Ohiko desfibriladoreak gai dira bihotzak elektrikoki berpizteko, baina oso deskarga handia askatuta: pazientearen bularrean 1.000 volteko shock elektriko bat sortuta. Nazioarteko biofisikari-talde baten arabera, ordea, bada fibrilazioa desegiteko beste aukera bat; deskarga bortitz bakarra eman beharrean, deskarga txikien segida azkar bat eraginez gero ere, bihotzaren jarduera elektrikoa berreskura daiteke.
Deskarga txikiak dira ohiko desfibriladoreenekin konparatuta, baina 150 volt inguruko shockak dira. Bost eta hamar deskarga eginez gero, lortzen da bihotzaren zelulei polaritatea kendu eta jarduera elektrikoa berrabiaraztea, ohiko gailuek eragiten duten efektu bera.
Cornell Unibertsitateko Flavio Fenton biofisikariak zuzentzen duen taldeko kideek bihotzaren eredu matematiko bat osatu dute, deskarga elektrikoa muskuluaren zer gunetan eragin behar den kalkulatu dute, eta gailua bera ere egin dute. Dagoeneko, zakurretan probatu dute. Deskarga txikien sistemak askoz energia gutxiago eskatzen du aurrekoak baino; gainera, erredura txikiagoak utziko dizkio pazienteari, eta, ustez, erabiltzen duen potentzial-diferentzia mina eragiteko mailatik behera dago --nahiz eta Fentonek berak esan duen hori oraindik baieztatzeko dagoela, eta, agian, optimizatu beharreko kontu bat izango dela etorkizunean--. Nolanahi ere, kardiologo askok aurrerapen handitzat jo dute desfibriladore berria.