Stockholm-eko Nobel Fundazioak hutsik gabe izendatu ditu 2000.eko Nobel sarituak urrian. Medikuntzan hiru, Fisikan hiru eta Kimikan beste hiru. Hurrenez hurren neurotransmisoreen, egitura erdieroaleen eta polimero eroaleen alorrean eginiko lanengatik jasoko dute saria. Bestalde, Ekonomiako Nobela James E. Heckman eta Daniel L. McFadden estatubatuarrentzat izan da, Bakearena Hego Koreako presidente den Kim Dae Jung-entzat eta Literaturakoa Gao Xingjian txinatarrarentzat.
Medikuntzako Nobel saria aurten Arvid Carlsson-i eman diote. Carlsson-ek, Paul Greengard eta Eric R. Kandel-ekin batera jasoko du izen handiko saria. Donostiako Quiron Ospitaleko Gurutz Linazasoro neurologoaren iritziz ongi merezitako Nobela da "Carlsson-en lanek Parkinsona eta eskizofrenia bezalako gaitzentzako sendabidearen atea ireki baitzuten 60ko hamarkadan". 2000ko Medikuntzako Nobel sarituen ikerketek garunak nola funtzionatzen duen ezagutzeko eta zenbait gaixotasun neurologiko eta psikikoen oinarria ulertzeko balio izan dute. Linazasorok dioen bezala, sarituak munduan zehar barreiatutako neurologo guztien erreferentzia dira.
Neurotransmisoreak nerbio-zelulen artean seinale elektrikoa garraiatzen duten konposatu kimikoak dira. Informazioa sinapsi deritzen guneetan zehar igarotzen da zelulatik zelulara, eta zelula bakoitzak halako milaka gune eduki ditzake. Aurtengo Nobel saridunek transmisio horietako batzuk aztertu dituzte, transmisio sinaptiko motelak.
Arvid Carlsson-ek dopamina oso neurotransmisore boteretsua zela ikusi zuen 50eko hamarkadan. Dopaminak mugimenduak kontrolatzeko orduan zuen garrantziaz ohartu zen eta Parkinsonaren kontrako botika prestatu zuen. Dopamina ekoizten duten nerbio-zelulak kaltetuak dituztelako izaten dute Parkinson gaixoek dardara, zurruntasuna eta muskuluen mugimendua kontrolatzeko ezintasuna. Eskizofrenia duten gaixoek, berriz, dopamina gehiegi dute garunean. Dopaminak garunean duen zeregina argituta, eskizofrenia eta depresioa tratatzeko medikamentuak garatu ahal izan dira.
Carlsson-en lanaren ondotik, Greengard-ek dopaminak eta beste zenbait transmisorek nola lan egiten duten argitu zuen 60ko hamarkadan. Konposatu horiek umorearen, mintzamenaren, mugimenduen eta pertzepzio sentsorialaren arduradunak dira besteak beste. Greengard-en lanei esker jakin da neurotransmisoreek kate-erreakzioa eragiten dutela zeluletan eta erreakzio horien segida ezarri ahal izan da. Eric Kandel-ek, berriz, oroimenaren esparruan lan egin du batik bat. Oroimena eratzen duten mekanismoak aurkitu eta ikaste-prozesuan gertatzen diren oinarrizko aldaketa neuronalak azaldu ditu.
Telekomunikazioek, ordenagailuek eta informazioaren teknologiek goitik behera aldatu dute gizartea urte gutxitan eta neurri handi batean aurtengo Fisikako Nobel sarituei zor zaie hori guztia. Zhores I. Alferov eta Herbert Kroemer-ek geruza erdieroaletan oinarrituta egitura optoelektroniko eta mikroelektroniko azkarrak -heteroegitura erdieroaleak- asmatu zituzten. Nobel saria batera jasoko badute ere, aurkikuntza bakoitzak bere aldetik egin zuen 60ko hamarkadan. Egitura horietatik abiatuta telekomunikazio-sateliteetako eta telefono mugikorren lurreko estazioetako transistore azkarrak garatu ahal izan dira 70eko hamarkadan eta laser izpietako diodoek ere oinarri bera dute. Diodoek zuntz optikoetan zehar seinalea igortzen dute, Internet-en adibidez, eta lumineszenteak direnak autoen balazten argietarako balio dute. Industri eta Telekomunikazio Ingeniarien GETeko Federico Recart irakasleak dioenez "heteroegiturak bi ikuspuntutik dira garrantzitsuak: komutazio-abiadura -maiztasun- handiagoa (informazio gehiago) ahalbidetzen dutelako batetik, eta seinale elektrikoa optiko bilakatzeko derrigorrezkoak diren gailuak ekarri dituztelako bestetik". Alferov eta Kroemer-en lanak izan ziren gaur egun hain ohiko diren CD-ROM eta barra-kodeen irakurgailuetan erabilitako teknologiaren abiapuntua.
Jack S. Kilby-k, hirugarren sarituak, ekarpen garrantzitsua egin zion bizitza modernoari, bera baita ordenagailuetako txiparen asmatzailea. 1990ean zendutako Robert Noyce kidearekin batera zirkuitu integratua garatu zuen. Etxeko ordenagailuak, espaziora bidaltzen diren zundak, garbigailuak, erresonantzia magnetiko nuklearra eta abar haiei zor zaizkie. "Alferov eta Kroemer-en lanek oinarrizko ikerketarekin lotura handiagoa dute, kontzeptu fisikoak matematikoki garatu ziren lehenik eta teknikoki gero. Kilby-k, berriz, zorioneko ideia teknologikoa izan zuen, ideia oso sinplea baina garrantzia handikoa. Ordutik hona, gailuen tamaina eta ezaugarriak erabat aldatu diren arren, saritzen den ideia monolitikoa ez da funtsean aldatu" dio Recart-ek.
Kimikako Nobel sarituek polimeroek ez dutela derrigor isolatzaile izan behar erakutsi dute; baldintza berezi batzuk betez gero, elektrizitatea garraiatzeko gai direla, alegia. Alan J. Heeger, Hideko Shirakawa eta Alan G. MacDiarmid alor horretan aitzindariak izan ziren 70eko hamarkadaren amaieran. Beraien ikerketen bitartez gerora kimikari eta fisikarientzako ikerketa-esparru zabala bilakatu den funtsa finkatu zuten, gaur egun bazter ezin dena.
Edozein polimerok ezin du eroalea izan. Hasteko, beharrezkoa da molekulak lotura bikoitz konjokatuak edukitzea, hots, karbono-atomoen artean lotura bikoitzak eta sinpleak txandakatua izatea, eta aldi berean dopatua egotea; hau da, dagozkion baino elektroi gehiago edo gutxiago izatea. Hain zuzen, elektroiak erauzteko polimeroa oxidatu egiten da eta elektroiak gehitzeko erreduzitu. Horrela, kasu batean "zuloak" eta bestean elektroiak polimero-katean zehar higi daitezkeenez, korronte elektrikoa sortzen da.
Polimero eroaleak punta-puntako ikergaia dira orain ere, aplikazio interesgarriak baitituzte elektrizitate estatikoaren kontrako material gisa edo, elektrolumineszenteak direnez, plastiko argidun bezala. Ezaugarri hori fotodiodotan aplikatzen da bonbillak, telebista-pantailak eta zirkulazio-seinale argidunak egiteko, ohiko materialek baino energia gehiago aurreztu eta berotasun gutxiago ematen dutelako.
Bestalde, polimero eroaleek lotura handia dute elektronika molekularrarekin. Horiei esker posible izango da etorkizunean molekula bakarrez osaturiko transistoreak eta bestelako gailu elektronikoak eskuartean izatea. Horrek ordenagailuak azkartzea eta txikitzea ekarriko du, izugarri gainera. Polimero eroaleek XXI. mendeko iraultza teknologikoa ekar dezakete.