Uzkurduren fisika

Nola uzkurtzen dituen uteroak zelula guztiak modu sinkronizatuan, erditzen laguntzeko

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

uzkurduren-fisika
Arg. © Zoya Fedorova/123RF

Erditzean uteroan gertatzen diren uzkurduren jatorria zelulen arteko akoplamendu elektrikoan datza. Uteroko zelula gehienak muskulu-zelulak dira, eta haiei eusten eta laguntzen dieten beste zelula gutxi batzuk ere baditu, nahiz eta bulkada elektrikorik sortzeko ahalmenik gabekoak diren. Frantziako eta Indiako ikertzaile batzuek aurkitu dute bi zelula motak elektrikoki akoplatu ahala sortzen dela uzkurdurak eragiten duen oszilazio elektriko sinkronizatua.

Uteroa ez da bihotza bezalakoa; ez du bulkada elektrikoak sortzen dituen gunerik, eta, hala ere, badu bihotzaren taupaden antzeko fenomeno bat: erditze-garaiko uzkurdurak, bulkada elektriko batek, organoa uzkurtzen du umeari irteten laguntzeko.

Muskulu-zeluletan ioi positiboak sartzen direnean, potentzial elektriko bat sortzen da, eta horrek oszilazio elektriko txikiak eragiten ditu zelula bakoitzean. Zientzialariek bazekiten horren ondorioz uteroaren konduktibitate elektrikoa handitu egiten dela erditzeko garaia gerturatu ahala. Baina uzkurdura bat eragiteko, oszilazio elektrikoa orokortu eta sinkronizatu egin behar da, organo osoa zeharkatzen duen bulkada elektriko orokor batean. 

Sekretua elkarren ondoan dauden zelulen akoplamendu elektrikoa da. Zelula baten oszilazioa ondokoarekin sinkronizatzen da, bikotea inguruko zelulekin, eta pixkanaka zelula gutxi batzuen multzoak sinkronizatzen dira. Gero, multzoen multzoak, eta azkenean, organoko zelula guztiak izatera iristen da. Une horretan gertatzen da uteroaren uzkurdura.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila