Uste baino lehenagoko homininoak ziren tresnak gai

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

uste-baino-lehenagoko-homininoak-tresnak-erabiltze
3,2 milioi urteko Australopithecus africanus baten lehen metakarpoa. Arg. T.L. Kivell eta M. Skinner

Hominino batzuk gai ziren tresnak erabiltzeko uste baino askoz lehenago, nazioarteko ikertzaile-talde batek Science aldizkarian argitaratu duen lan baten arabera. Ikusi dute Australopithecus africanus eta pleistozenoko beste hominino batzuen eskuko hezurren egitura gizakiaren antzeko dela, eta, hala, eskuak gizakiaren antzera erabiltzeko gai zirela haiek ere.

Ikerketa honen emaitzen arabera, duela 3,2 milioi urte inguru hominino horiek gai ziren eskuekin doitasunez heltzeko eta estutzeko, eta, beraz, tresnak erabiltzeko. Hala, ezagutzen diren lehen harrizko tresnak duela 2,6 milioi urte ingurukoak badira ere, badirudi haiek erabiltzeko gaitasuna behintzat lehenagokoa izan litekeela.

Metakarpoen barne-egitura (egitura trabekularra) aztertuz iritsi dira ondorio horretara. Izan ere, eskuak modu batera edo bestera erabiltzeak zuzenean eragiten du hatzetako hezur horien barne-egituran. Eta, ondorioz, egitura hori aztertuta jakin liteke eskuak nola erabili ziren.

Australopithecus africanus eta Swartkransko beste hominino batzuen (zalantza dago A. robustus edo/eta Homo goiztiarren bat den/diren)  metakarpoen egiturek iradokitzen dute, batetik, zuhaitzetan ibiltzeko erabiltzen zituztela oraindik eskuak; baina, bestetik, gai zirela hatz lodia gainerako hatzen aurka erabiliz doitasunez eta indarrez heltzeko. Gainera, ikusi dute metakarpoen barne-egitura beste hominino tresna-egile batzuen  —neandertalak eta hasierako H. sapiens-ak— antzekoa dela, eta tximinoen desberdina.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila