ISAAA bioteknologiak nekazaritzan dituen aplikazioez arduratzen da, eta mundu osoko transgenikoen ekoizpenen datuak kaleratzen ditu urtero. Datu horien arabera, Espainiak Europako Batasuneko transgenikoen ekoizle handiena izaten jarraitzen du, eta, gainera, bere maila sendotu du, 2007an aurreko urtean baino % 40 arto transgeniko gehiago ekoitzi baitu.
1998an onartu zuen Europak lehen transgenikoa: Bt artoa. Arto transgeniko horrek Bacillus thuringensis izeneko bakterioaren gene bat dauka. Gene horrek artoari kalte egiten dioten intsektuetako baten aurkako proteina bat sortzen du, eta, beraz, uztak hondatzen dituzten intsektuekiko erresistente bilakatzen du artoa. 1998tik geroztik Europak baimendu dituen transgeniko guztiak genetikoki eraldatutako arto-barietateak izan dira.
Espainiako estatuaren barruan, Katalunian eta Aragoin egiten da arto transgeniko gehien, baina beste leku batzuetan ere asko handitu dira transgenikoen landaketak. Esate baterako, Extremaduran azken urtean hirukoiztu egin dira, eta Nafarroan, berriz, bikoiztu. Horrenbestez, Espainiako estatuan egiten den artoaren % 21 transgenikoa da.
Datu horiekin, Espainia munduko 12 ekoizle handienen artean dago. Lehen lekuan Estatu Batuak daude, eta haren atzetik datoz Argentina, Brasil, Kanada, India eta Txina. ISAAA erakundeak nabarmendu du garatze-bidean dauden herrialde gehiago daudela ekoizleen artean garatutakoak baino, transgenikoak landatzen hasi zirenetik lehen aldiz. Zehazki, garatze-bidean dauden 12 herrialdetan landatu dira transgenikoak 2007an, eta garatutako 11 herrialdetan.
ISAAAk eta beste erakunde batzuek esaten dute landare transgenikoak bereziki onuragarriak izan daitezkeela garatze-bidean dauden herrialdeetako biztanleentzat. Asmo horrekin sortu dituzte, esaterako, A bitaminatan aberatsa den arroza eta lehorteekin galtzen ez den garia. Alabaina, oraingoz, garatze-bidean dauden herrialdeetan landatu diren barietateen jabeak industrializatutako herrialdeetakoak dira gehien bat, eta ekoizpenaren zati handi bat inportatzen dute.
Hori alde batera utzita, proportzioan, transgenikoen ekoizpenean gehien hazi den herrialdea India da, hirugarren urtez jarraian. 2006tik 2007ra % 67 handitu du bere ekoizpena, eta, batez ere, kotoia egin dute. Txinan ere asko hazi da kotoi transgenikoa; hala, iaz, landatu zuten kotoi guztiaren bi heren baino gehiago transgenikoa zen. Horrez gain, papaia eta makal transgenikoak ere landatzen dituzte.
Zenbaki absolutuetan, berriz, Brasilek izan du transgenikoen hazkuntza handiena. Batez ere, soja eta kotoia egiten dute han, baina azukre-kanabera transgenikoaren ekoizpena ere gorantz doa. Etanola egiteko erabiltzen dute, eta hemendik aurrera are gehiago ekoitziko dela uste dute ISAAAkoek.
Baina gehiena Estatu Batuetan egiten da. Besteak beste, soja, arto, kalabaza, papaia eta alpapa transgenikoak egiten dituzte, eta iaz ekoitzi zuten kotoiaren % 93 transgenikoa zen. Hain zuzen, Estatu Batuetako fundazio batek finantzatzen du ISAAAren txostena, Rockefeller Fundazioak, eta bazkideetako bat Ibercaja da, Espainiako laugarren banketxea.