Urte osoari gainbegirada

Urriaren bukaeran elkartu zen EEBBetako Tucson hirian Amerikako Astronomia Elkarteko Planeta Zientzien Aditu Batzordea, puntaren puntan dabiltzan 600 ikertzaile inguru biltzen dituena. Urtero biltzen da Batzordea eta ihardunaldien amaieran plazaratu ohi duen txostenak urtean zehar astronomiak sortu dituen albisteen balio zientifikoa berresten du. Nolabait esatearren, txostenean agertzeak gertakari horien sinesgarritasuna onestea dakar.

Jupiterren Ganimedes satelitearen inguruan oxigenoa duen atmosfera dagoela berretsi du John Hopkins Unibertsitateko ikertzaile-talde batek. Batzuen iritziz, bizi-egiturarik egon liteke bertan, baina ikertzaileek behin eta berriro esan dutenez, oraingoz ezin daiteke horrelakorik baieztatu. Tucsonen buruturiko bileran luze hitz egin da aurkikuntza berriari buruz.

Aurtengo txostenak atal honetan aipatu izan ditugun zenbait aurkikuntza biltzen ditu. Labur bada ere, hona hemen Adituen Batzordeak goraipatu dituen iharduerak.

Neptuno planetaren 16 orduko errotazio-higidura jasotzen duen pelikulari aipamen zabala egin zaio aurten; Hubblek eta NASAren infragorrizko teleskopioak jasotako irudiei esker osatu da aipatu pelikula eta garbi jasotzen ditu, modu grafikoan, planetaren hegoaldea astintzen duten indar handiko haize-boladak.

Urteko albisteei errepasoa emanez, Martitzerako bidean abiatu diren eta aurki espazioratuko diren espedizio ugariren berri ere jasotzen du txostenak. (Informazio gehiago: Elhuyar. Zientzia eta Teknika; 113. zenbakia). Hirugarrenik, Jupiterren Ganimedes satelitearen inguruan oxigenoa duen atmosfera aurkitu izanak ere leku handia hartu du txostenean; bertan esaten denez, Jupiterren Europa sateliteaz dugun informazioak Ganimedesen gertatzen ari dena hobeto ulertzeko bidea eskainiko du.

Eta, azkenik, bilera burutzen ari zen egunetan, Geof Marcy eta Paul Butler ikertzaileek planeta berri bat aurkitu dutela iragarri zuten. Zehaztasun handirik ez zuten eman, baina itxura guztien arabera, Lurratik 85 argi-urtera legoke planeta berria.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila