Hegaztien migrazioaren luzeran eragiten duen gene bat identifikatu dute
ADCYAP1 genea zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta migrazio luzeagoak egiten dituzte txinbo kaskabeltzek. Ondorio hori atera dute Max Planck Institutuko ornitologo batzuek, hegazti migratzaile horien gene batzuk eta jokabidea konparatuta.
Aspalditik da jakina migrazioa neurri batean eragin genetiko baten ondorioa dela. Migratzeko garaia hurbildu ahala jokabidea aldatzen dute hegaztiek --beste garai batzuetan baino gehiago jaten dute eta erloju biologikoa egokitzen dute, adibidez--, eta prestakuntza horretan hainbat genek parte hartzen dute. Ornitologoek eragin hori ikertu nahi izan dute, gaueko jarduera handitzen duten geneetatik abiatuta. Sei gene ikertu dituzte, eta horrela aurkitu dute ADCYAP1 genearen eragina. Genearen luzeraren arabera handitzen zaizkio hegaztiari gaueko jarduera eta migrazioan egiten duen distantzia. 14 populazio konparatuta egin dute aurkikuntza; populazio horietako batzuek ez dute migratzen, eta beste batzuek oso bidaia luzeak egiten dituzte. Kasu guztietan ikusten zen korrelazioa.
Korrelazioaren azalpena geneak kodetzen duen neuropeptidoan datza, molekula horrek hegaztiaren erloju biologikoan eta energiaren kontsumoaren kontrolean hartzen baitu parte.