Uretarako zein lehorrerako balio duen jantzia

Lanbide batzuetan (urpekari profesionalak, kasu) beharrezkoa izaten da uretara sartu-irten ugari egitea. Horrelakoetan, ez da erraza izaten arroparekin asmatzea eta jantziak aldatzen ibili beharrak denbora eta dirua eskatzen du. Arazo horri aurre egiteko, Estatu Batuetako Itsas Armadako zientzialari militarrek uretan zein lehorrean eroso ibiltzeko balio duen jantzia asmatu dute. Hiru geruzako mintzez osaturiko egitura du.

Uretan, hotza azalera heltzea eragotzi eta gorputza bero mantentzen du; uretatik kanpo, ostera, transpirazioa ahalbidetzen du eta, hartara, gainberotzea eragozten du. Probak egiteko, maniki bat sentsorez hornitu eta, arropa jantzita, uretan sartu eta hainbat presio eta tenperatura jasanarazi zizkioten. Merkaturatu aurretik urte bi inguru igaroko badira ere, militarrez gain beste zenbait erabilera ere izango dituela uste dute zientzialariek.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila